Duela 100 urte baino gehiago, Lekeitioko lurrunontzi bat Donostiako kaian sartu zen, zauritutako hiru marinel zeramatzala. Ipar Euskal Herriko uretan zauritu ziren, eta ontzi lekeitiarreko tripulazioak Donostiara ekarri zituen, artatu zitzaten.

Duela 105 urte, 1917ko ekainaren 5ean, bisitari berezi bat izan zuen Donostiako kaiak: Clotilde lurrunontzi lekeitiarra. Ipar Euskal Herriko uretatik zetorren, eta istripu batean zauritutako hiru marinel zeramatzan.
Gerardo Martinez patroia eta arrantzalea (44 urte), Manuel Astigarraga sugina (23 urte) eta Sabino Elizalde arrantzalea (34 urte) ziren marinelak, eta Santa Ana lurrunontzian zihoazela (Donostiako matrikuladuna) izan zuten istripua, Donibane Lohizuneren eta Miarritzeren (Lapurdi) artean. Garaiko prentsak dioenez, Martinez hondarribiarra zen, baina Donostian bizi zen. Astigarragari eta Elizalderi buruz ez diote ezer, baina ziurra da Astigarraga hirian errotuta zegoela, ondorengoak izan baitzituen hemen.
Zortzi marinel zeramatzan Santa Ana ontziak, eta antxoa arrantzatzera joan ziren Ipar Euskal Herriko uretara. Arrantzan ari zirela, ordea, ontziko galdaran matxura bat izan zen, eta eztanda egin zuen. Lurrunontzian pitzadurak sortu zituen horrek, eta minutu gutxian hondoratu zen, garaiko kronikek diotenez.
Lekeitiarrek salbatu zituzten
Zorionez, Bidasoa eta Clotilde lurrunontzi lekeitiarrak handik gertu zebiltzan, eta marinelak uretatik atera zituzten. Zaurituta ez zeuden bost marinelak Hondarribiara eraman zituen Bidasoak, eta zauritutako hirurak Donostiara ekarri zituen, hiriko erietxean artatu zitzaten.
Martinezek kolpe bat zeukan eremu torazikoan, Astigarragak zauriak zituen kopetan, betazal batean eta oin batean, eta Elizaldek zauri bat zuen buruan. Hirurak behar bezala artatu zituzten, eta etxera bidali zituzten, egunean bertan.