Olatu artifizialen proiektuak Antondegi kaltetuko lukeela adierazi dute hainbat adituk
2020ko abenduan Donostiako Udalak jakinarazi zuen surfa egiteko olatu artifizialen parke bat eraikitzeko proiektua abiatuko zuela Martuteneko Antondegi eremuan. Instalazio horrek izango lukeen eragina nolakoa izango den argitzeko, Antondegi Berdea plataformak txosten tekniko bat egiteko eskatu zien hainbat adituri. Txosten horren arabera, Antondegik balio natural handia duela dio eta olatu artifizialen proiektuak eragin negatiboa izango lukeela ingurunean.
Antondegiko ingurumen balioa jasotzen du txostenak, foku nagusia hegazti eta ugaztun komunitateetan jarriz. Gainera, Donostiako eta eskualdeko igarobide ekologikoen artean Antondegik duen garrantzia ere aztertu dute adituek. Era berean, aztertu dira olatu artifizialaren proiektuak ingurunean izango lituzkeen eraginak.
Balio naturalari dagokionez, txostenak ondorengo puntuak nabarmentzen ditu:
- Landazabal atlantikoko paisaia konplexua dauka, larrez, belardiz, zuhaixkaz, heskaiz eta laborez osatua, eta flora eta fauna aberastasun handia biltzen du mosaiko horretan. Azken 30 urteotan, Donostiak bere landazabal eremuaren ia % 40 galdu du eta Antondegi, testuinguru horretan, udalerriko landa-eremuko azken txokoetako bat da. Gainera, azken urteotan Antondegin egindako fauna-inbentarioek agerian utzi dute udalerrian ondoen kontserbatutako landazabal eremuetako bat dela.
- Antondegiko muinoa eta eremua gune garrantzitsua da hegazti espezie ugarirentzat, bai elikatzeko, habia egiteko, zein atseden hartzeko. Antondegin 117 hegazti espezie behatu dira, horietatik 33 Arriskuan Dauden Espezieen Euskadiko Katalogoan jasoak direnak eta 21 espezie Hegaztiak Kontserbatzeari Buruzko 79/409/EEE Zuzentarauaren I. Eranskinean jasoak. Donostiako hegazti habiagileen atlasaren arabera, Antondegiko eremuan 46 espezie habiagile zenbatu dira, horietako 4 espezie 79/409/EEE Zuzentarauaren I. eranskinean agertzen direnak eta 3 espezie galzorian edo arraro gisa katalogatuta daudenak Euskadiko Katalogoan. Horregatik guztiagatik, Antondegi da Donostian aberastasun ornitologiko handiena duen eremuetako bat.
- Hiri periferian egon arren eta azalera murritza (100 hektarea) izan arren, Antondegiko ugaztun komunitateak garrantzi handia du udalerri mailan, eta guztien artean haragijaleen aniztasuna nabarmentzen da.
- Antondegik balio handia dauka igarobide ekologiko gisa eta Donostiako udalerri barruko eremu ekologiko ezberdinak konektatzea ahalbidetzen du. Donostiako biodibertsitatearen gordailu garrantzitsua da, Urumeak osatzen duen ardatzean dago (Gipuzkoako beste igarobide ekologiko handi bat) eta Foru Aldundiko Ingurumen Sailak proposatutako Gipuzkoako azpiegitura Berdean dago integratuta.
Aldiz, olatu artifizialen instalazioak eragingo lituzkeen kalteak laburbilduta, hauek izango lirateke:
- Antondegin olatu artifizialen urmaela jartzeak Donostiako udalerriko landazabal paisaia hondatuko luke eta biodibertsitatearen galera garbia eragingo luke, lurzoru urbanizatu gabea lurzoru urbanizatuz ordezkatuz.
- Instalazioak (6,2 hektarea), sarbide berriek (2,8 hektarea) eta instalazioaren funtzionamenduak larriki eragingo liokete Donostian geratzen zaigun landazabal eremu aberatsenetako eta bakanetako bati, bertako ekosistemaren osotasuna eta funtzionaltasuna arriskuan jarriz. Eremu honetako bioaniztasunean eragin negatibo nabarmena izango luke, bertan bizi diren hainbat espezie desagerraraziz, horietako zenbait legez babestuta daudenak.
- Ezin da ahaztu, gainera, eragin negatibo hori instalazioek okupatutako eremutik haratago ere iritsiko litzatekeela. Olatu artifizialen igerilekuaz gain, sarbide berriak eraiki beharko dira, trafikoa ugarituko da eta pertsonen joan-etorria ere handituko da.
Txostena sinatu dutenak kontserbazioaren eta biologiaren alorreko adituak dira. Horietako batzuk dira Jose Luis Telleria (Zoologiako Katedraduna), Elisa Sainz de Murieta (Geologian doktorea), Arturo Elosegi (Ekologiako Katedraduna), Arantza Aldezabal (Biologian doktorea), Unai Pascual (Ekonomia eta ekologia politiketan doktorea), Yoana Garcia (Biologian Lizentziatua), Anna Sanchez (Itsas Zientzietan doktorea), Pablo Palencia (Ingurumen eta Nekazaritza Zientzietan doktorea), Ana Galarraga (Albaitaritzan eta Elikagaien Zientzian eta Teknologian lizentziatua), Mikel Etxaniz (Nekazaritza ingeniari teknikoa), Guillermo Roa (Kimikan doktorea), Mirene Begiristain (Ekonomian doktorea), Javier Ferreres (Albaitaritzan lizentziatua) eta Nuria Roura (Ingurumen Zientzietan doktorea).
Antondegin olatu artifizialen parke bat egitearen kontra agertzearekin batera, Europako Itun Berdea, Euskadi 2030 Agenda eta 2050eko Klima Aldaketaren aurkako Gipuzkoako Estrategia nabarmendu dituzte. Itun horietan, administrazioek konpromisoa hartu dute, besteak beste, ekosistemen erabilera jasangarria babesteko, berreskuratzeko eta sustatzeko, eta biodibertsitatearen galera geldiarazteko. Halaber, urbanizatutako azalera ez handitzeko, lurzoru urbanizaezinaren eta habitat naturalaren kaltetan.