Udalak ez du zehaztu Belartzako isurketa ilegala noiz erretiratuko duten
Hiru urte pasa dira EAEko Auzitegi Nagusiak Belartza Goikoa eremuan 2016an egindako isurketa ilegala zela ebatzi zuenetik. Era berean, enpresa arduraduna eta udala zigortu zituen.
Donostiako Udalak Belartza Goikoa eremua lehengoratzeko proiektua onartu du. Dena dela, Eneko Goiak ez du zehaztu leku horretako harri betelan ilegala erretiratzeko lanak noiz hasiko dituzten. Izan ere, lehiaketa publiko baten bidez adjudikatu behar dituzte lanak.
EAEko Auzitegi Nagusiak 2019ko ekainean ebatzi zuen Belartzan 2016an egindako isurketa ilegala zela. Haritzalde Naturzaleen Elkarteak jarri zuen helegitea, eta auzitegiak arrazoia eman zion. Gainera, Valeriano Urrutikoetxea harri betelan ilegalaren enpresa arduraduna eta udala zigortu zituen. Bata isurketa egiteagatik, eta, bestea, isurketa hori egiteko baimena emateagatik.
Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak iazko azaroan adierazi zuen udala 1,3 milioi euroko kontratu bat prestatzen ari zela isurketa ilegala erretiratzeko lanak adjudikatzeko. Ordutik hilabete asko pasa dira. Orain, 1.275.269 euroko lizitazio prezioa ezarri diote obrari.
Udal taldeen kritikak
EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak udal gobernuak Belartzako aferan izandako jokabidea kritikatu dute. «Ia hiru urtez atzeratu dute sententziaren exekuzioa, eta oraindik ez dute baieztatu noiz kenduko dituzten harriak. Gustu txarreko txantxa dirudi, baina ez da horrela», adierazi du Elkarrekin Donostiako zinegotzi Haizea Garaik. Horrekin batera, erantzukizun falta horren onuradun bakarra araudia «nabarmen urratu duena» jabetza dela gaineratu du: «Geure buruari galdetzen diogu zer asmo duen udal gobernuak jabeari plan partzial batekin jarraitzea erraztuz, tokian bertan egin dutenaren ondoren».
Udal gobernua epaia betetzeko agindua atzeratzen ari dela esan du Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotziak: «Aipaturiko lurrak kentzen hasiko direla iragarri arren, oraingoz proiektua baino ez da onartu. Proiektu hori 2021eko ekainaren 9an aurkeztu zuen Endara enpresak, eta urte bereko ekainaren 24an onartu zuen Hirigintza Sailak».