Añorgako bizilagunen iritzia aintzat hartzeko eskatu diote udalari, beste behin ere
Atxiki Añorga auzo mugimenduak 18. giza katea egin du Añorga Txikiko biribilgunean. Auzotarrak ez daude ados udalak Añorga Txikin aurrera eraman nahi duen hirigintza proiektuarekin. 248 etxebizitza eraiki nahi dituzte, eta horrek auzoari askotariko albo-kalteak eragingo dizkiola uste dute Añorgako biztanleek.
Auzoko eragileek bilera bat egin zuten duela gutxi udal gobernuarekin. Udalak proiektuari egin dizkion egokitzapenak azaldu zituen bilera horretan. Auzoko eragileek “etsipenez” jaso zuten udalak esandakoa. “Udalak ez die auzoaren egungo eta etorkizuneko beharrei erantzuten”, adierazi du Añorgatxikitarrak auzo elkarteak. Halere, lanean jarraituko dute auzoko “bizitza kalitatea” hobetzeko helburuarekin.
Hirigintza proiektuaren berri izan zutenetik, Atxiki Añorga auzo mugimenduak bizilagunen iritzia aintzat hartzeko eskatu dio udalari. Hori dela eta, iazko irailetik manifestazio jendetsu bat eta giza kate ugari egin dituzte .