Bizikletaz abiatu da pentsio duinen aldeko aldarria
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bizikleta martxa abiatu du Donostian gaur eguerdian, eta, Donostian amaituko dute hilaren 25ean. Hamahiru egun horietan, “jaiegun eta aldarrikapen giroan”, Euskal Herriko eskualde guztiak zeharkatuko dituzte, pentsio publiko duinak eskatzen jarraitzeko.
Lau urte daramate pentsiodunek mobilizazioetan, eta “pentsioak murrizten zituzten neurri batzuk leheneratzea lortu” du mugimenduak. Martxa honetan, 1.080 euroko Gutxieneko Pentsioaren aldarrikapena, Zerbitzu Publikoen defentsa eta Zainketa Partekatuen Lana nabarmendu nahi ditu mugimenduak.
Adierazi dutenez “52 hilabeteko borrokak erakusten digu gure aldarrikapenak lortzeko bermerik onena mobilizazioa dela. Hori dela eta, herritar guztiei dei egiten diegu Bizikleta Martxa igarotzen den herrietan modu aktiboan parte har dezaten egiten diren ekitaldietan”.
Pentsiodunen borrokak egungo langileei ere eragiten diela uste du mugimenduak, “erretiroaren ondoren bizi-baldintza duinak lortzea guztioi dagokigun eskubide unibertsala delako”. Horregatik, “langile, gizon, emakume eta gazteei” dei egiten diete azken etaparen amaierako manifestazioan parte har dezaten, ekainaren 25ean Donostiako Alderdi Ederren 12:00etan.