Etxebizitza turistikoak mugatzeko beharra defendatu du Elkarrekin Donostiak
Aitzole Araneta, Elkarrekin Donostia taldeko bozeramailea, hiriko etxebizitza turistikoen hazkundeaz aritu da gaurko batzordeetan. Iaz, Donostian 1.403 etxebizitza turistiko (1.265 etxebizitza eta 138 logela) zeudela zioen azterlan bat aurkeztu zen Eusko Legebiltzarrean. Zenbaki eguneratuari buruz galdetuta, Hirigintza Iraunkorreko ordezkariak jakinarazi du 1.344 etxebizitza turistiko zituela (1226 etxebizitza eta 118 logela).
“Hala ere, Udalaren webgunean agertzen den errolda kontsultatuz gero, gaur egun 1.420 etxebizitza turistiko agertzen dira (ez ditu etxebizitzak logeletatik bereizten), eta horrek, jaitsiera baten ordez, igoera ekarriko luke iazkoarekin alderatuta”, azaldu du Elkarrekin Donostiak.
Aranetaren ustez, horrek erakutsiko luke Donostiako etxebizitza turistikoen kopuruak “sabaia ukitu beharrean, gora egiten jarraitzen duela”. Horregatik, “premiazkotzat” jo dute lehenbailehen neurriak hartzea etxebizitza turistikoak ugaritu ez daitezen.
Gainera, bozeramaileak honakoa defendatu du: “Lotura zuzena dago alokairu turistikoaren eta etxebizitzen alokairuaren prezioaren igoeraren artean, eta horrek Europako hiri asko bultzatu ditu horiei eusteko neurriak hartzera, eta Donostiako Gobernuak, berriz, ez du ezer egin horren inguruan”.