Musikagela Fest jaialdia hirugarrenez egingo dute ekainaren 25ean, Intxaurrondon
Musikagela Fest jaialdiko aurreko edizio batean hartutako irudia. Hirugarren Musikagela Fest jaialdia ekainaren 25ean izango da, Intxaurrondo Kultur Etxean, eta eguerdi eta arratsalde-gauean egingo dute.
Urte honetako kartela bederatzi emanaldik osatuko dute. Urtean zehar Musikagela zerbitzuak kudeatzen dituen lokaletan entseatu edo kontzertu-zikloetan parte hartu duten zortzi tokiko taldeez gain, rock & blues munduan ezaguna den Gonzalo Portugal bilbotarraren talde gonbidatua bertan izango da.
Jaialdia bi zatitan banatuko da: lehen zatian, Badmintones, El pingüino Hippie, Aphaxia eta Big Bob Railroad arituko dira eguerdiko 12:00etatik 14:00etara.
Bigarren zatiari arratsaldeko 18:00etan emango zaio hasiera, eta gaueko 22:00ak arte luzatuko da, Nuria Culla, Dos, Pelax, La Ola Maldita eta Gonzalo Portugalen rock taldearen emanaldiez
gozatu ahal izango da.
Jaialdia Dkluba kontzertu-zirkuituaren baitan antolatzen da, eta Musikagela osatzen duten edo zerbitzuan parte hartu duten musika-proiektuak babesteko eta ikusarazteko helburua du. Donostia Kulturak 2005az geroztik eskaintzen duen udal-zerbitzuak Egian eta Intxaurrondon entsegu-lokalak kudeatu eta kontzertu-zikloak, ikastaroak, tailerrak, master class-ak, mailegu-materiala (zuzenekoa eta grabazioa), aholkularitza eta ekimenak antolatzen ditu hiriko musika-jarduera bultzatzen eta dinamizatzen laguntzeko.

