Garberan Jazzaldiko hamar kontzertu egingo dituzte
Arima Soul talde donostiarra da Garberan joko duenetako bat. (Argazkia: Arima Soul) 57. Jazzaldia ohiko guneetatik harago joango da uda honetan (uztailaren 21etik 25era), eta hamar kontzertu egingo dituzte Garbera merkataritza gunean. Egun bakoitzean bi emanaldi egingo dituzte Garberan, bi agertokitan, doan: bat kanpoaldean eta bestea barrualdean. Egun bakoitzeko bi emanaldietako bat Txikijazz zikloaren barruan egingo dute, familientzako.
Talde hauek joko dute Garberan: Monophonics, Ural Thomas & The Pain, Bruce Batj Trio, Lucia Fumero, Arima Soul, Broken Brothers Brass Band, Sara Mansilla, Carla Sevilla 5tet, Swingtronics eta Les Fous. Nabarmentzekoa da Arima Soul, Sarta Mansilla eta Les Fous donostiarrak direla.
Bestalde, Monophonicsen eta Ural Thomasen presentzia goraipatu du Jazzaldiak: “Monophonics Amerikako Estatu Batuetako soul banda onenetako bat da zuzenekoetan; bere soinua atenporala da, soul, funk eta rock psikodelikoa uztartzen dituena. Ural Thomas soularen aroko jarduneko abeslari onena da; artista gailen ugariekin aritua, James Brownekin, Stevie Wonderrekin, Otis Reddingekin eta Etta Jamesekin, besteak beste; mito honek generoaren urrezko garaira eramango gaitu”.
Garberako gerente Nuria Vegas pozik agertu da kontzertuekin: “Garberan apustu egiten ari gara jarduera kultural gehiago ekartzeko, beti ere dagoeneko hirian egiten den horretan parte hartuz, uste baitugu hemen ekitaldi ugari egiten direla, izen handiko profesionalekin, esaterako Jazzaldiarekin, bikain antolatuak”.
Jarraian, Garberako kontzertuen egitaraua:
Uztailak 21:
- 12:30. Arima Soul (Txikijazz)
- 20:00. Broken Brothers Brass Band
Uztailak 22:
- 12:30. Carla Sevilla 5tet (Txikijazz)
- 20:00. Ural Thomas & The Pain
Uztailak 23:
- 12:30. Swingtronics (Txikijazz)
- 20:00. Monophonics
Uztailak 24:
- 12:30. Lucia Fumero (Txikijazz)
- 20:00. Sara Mansilla
Uztailak 25:
- 12:30. Les Fous (Txikijazz)
- 20:00. Bruce Barth Trio

