Yago Agirre txirrindulari donostiarra laugarren gelditu da Nafarroako Nazioarteko Klasikoan
Yago Agirre donostiarra Euskadiko selekzioarekin aritu zen Nafarroako Nazioarteko Klasikoan (eskuinetik bigarrena). Eskuinean dagoena Aimar Alarcia donostiarra da, eta ezkerrean dagoena Unax Urretabizkaia hernaniarra; hirurak Donostialdea Bizikletan taldekoak. (Argazkia: Donostialdea Bizikletan) Yago Agirre Donostialdea Bizikletan klubeko txirrindulari donostiarra Euskadiko selekzioarekin lehiatu zen igandean Nafarroako Nazioarteko Klasikoan, Tafallan, eta emaitza ona lortu zuen, laugarren postuan amaitu baitzuen lasterketa. Soilik Maxime Decomble, William Eaves eta Pau Marti izan zituen aurretik.
Agirre pozik agertu zen emaitzarekin: “Selekzioko kide bakoitzak bere lana egin du, bileran planifikatu dugun bezala. Lasterketaren erdialdean talde handi bat osatu da lasterketa buruan, 30 lagunekin, eta bertan Imanol Aceña, Marcos Merino eta ni geunden, Euskadiko selekziokoak. Azkeneko kilometroetan Imanol eta biok ginen lehenengo tropeltxoan eta Imanolek esprintean eman didan laguntzari esker laugarren postua lortu dut”.
Bestalde, Donostialdea Bizikletaneko Aimar Alarcia donostiarra eta Unax Urretabizkaia hernaniarra ere lehiatu ziren proban, Gipuzkoako selekzioarekin.

