Artikutzan gaueko ibilaldi gidatua egingo dute San Joan bezperan
Donostiako Udaleko Ingurumen sailak hilabetero antolatu ohi ditu ibilaldi gidatuak Artikutzan, baina ekainean egingo duten azkena berezia izango da, gauez izango baita, San Joan bezperan, datorren ostegunean (hilak 23).
Hain zuzen ere, 19:00etan abiatuko dira Eskastik, eta Bianditzeko leporaino joango dira errepidetik; handik, larre artean Bianditzeko tontorrera igoko dira, eta gotitk, alde batean kostaldearen eta bestean Pirinioen bista ederra izango dute. Tontorretik ikusiko dute ilunabarra: “Mokadutxo bat jan, eta ilundu eta gero, eguraldia lagun, izarren mantua ikusteko aukera izango dugu”, azaldu du udalak. Ondoren, igo diren bide beretik jaitsiko dira Eskasera, 23:00ak aldera. Bakoitzak bere linterna eraman beharko du, eta jateko zerbait eramatea komeni da. Udalaren webgunean eman daiteke izena.
Bestalde, horren aurretik, igande honetan (hilak 19), beste ibilaldi bat egingo dute, baina egun argiz, ohiko legez. Artikutzako herritik hasiko dira, eta urtegi zaharreko bidea hartuko dute. Enobieta ibaiko zubia zeharkatu ondoren, ibaian gora abiatuko dira, basoan barneratuz. Bidean, historian zehar egondako jardueraren ondareak ikusiko dituzte: pago mugarratuak, txondor plazak eta Enobietako Borda. Maldaren bukaeran, basoa utzi, eta goiko larreetan ibiliko dira, Bidangoko gainan, hain zuzen ere. Larreak atzean utzita, maldan behera itzultzen hasiko dira, pagadian barrena. Tarteka, pago artean, haginak eta izei zuriak ikusiko dituzte. Eta, horrela, basoan barrena behera eginez, abiapuntura itzuliko dira. Hemen eman daiteke izena.