Ecologistas en Accion erakundearen bandera beltza jaso du Donostiak, Antondegiko proiektuarengatik
Ecologistas en Accion erakundeak Espainiako Estatuko kostalde guztiko azterketa egiten du urtero, eta bandera beltzen txostena argitaratu ohi du, bandera beltzekin zigortuz kutsadura altua edo ingurumen kudeaketa txarra duten kostaldeko herriak. Horrela, Donostiari bandera beltz bat ezarri diote aurten, Antondegin egin nahi duten surf parkearen proiektuarengatik; hemen ikus dezakezue txostena.
Gogoratu behar da Wavegarden enpresak, olatu artifizialen instalazioak egiten dituenak, Martuteneko Antondegi eremuan eraiki nahi duela bere instalazioetako bat. Proiektua ez dago onartuta momentuz, baina enpresak urteak daramatza Donostian surf parke bat eraiki nahian, eta udalak begi onez ikusi du hasieratik; hain zuzen ere, 2017ko ekainean, surf parkea Altzan edo Zubietan jartzeko aukera aztertzen ari zirela adierazi zuen prentsaurreko batean Ernesto Gascok, orduko Sustapen Ekonomikoko zinegotziak. 2020an, udal gobernuak Plan Orokorra aldatzeko prozedura abiatu zuen, eta lurrak birkalifikatuko dituzte, bizitegi eta industria erabilera kentzeko; hektarea batzuk kirol instalazio bat jartzeko egokituko dituzte: olatu artifizialen surf parkea.
Surf parkea Antondegin eraikitzeko proiektuaren berri eman zutenetik, surflari, gizarte eragile eta ingurumenaren arloko eragile ugari aurka agertu eta mobilizatu dira, Antondegi Berdea plataformaren barruan. Besteak beste, Antondegi Donostian gelditzen diren azken berdeguneetako bat delako daude aurka, hiriko gerriko berdearen parte delako eta ugaztun askorentzat eta, bereziki, hegaztientzat oso eremu baliotsua delako. Era berean, eragileek hasieratik nabarmendu dute Wavegardenek Donostiatik 25 kilometrora daukala bere instalazio nagusia (Aizarnazabalen), eta Antondegitik hiruzpalau kilometrora dagoela Donostiako kostaldea, non surfa egin daitekeen.
Hain zuzen ere, argudio berak erabili ditu Ecologistas en Accionek Donostiari bandera beltza ezartzeko, eta gogorarazi du Donibane Lohitzunen (Lapurdi) antzeko instalazio bat eraiki nahi izan zuela Wavegardenek, baina, azkenean, geldiarazi egin zutela, mobilizazioei esker. “Berdegune bat artifizializatzea dakarren proiektu bat da, ingurumenean eragin nabarmena duena, eta, neurri handi batean, surflarien komunitatearen balioen kontrakoa. Antondegi espazio natural gisa defendatzen dugu, eta beharrezkotzat jotzen dugu olatu artifizialaren proiektua edo inguru hori mehatxatzen duen beste edozein proiektu geldiaraztea”, ondorioztatu du Ecologistas en Accionek. Era berean, erakundearen proposamena argia da: “Antondegi eta bere ingurua naturagune eta ugaztun zein hegazti espezie askoren habitat gisa errespetatzea”.