Kalean da Adrian Perezen 'Lasai ederrean' diskoa
Adrian Perez musikariak (Egia, 1960) bere bakarkako lehen lana kaleratuko du gaur. Eszenatik hogei urtez aldenduta egon ostean, bere iloba den Unai Pelayoren (Pelax) eta Balio Dute kolektiboaren laguntzarekin Lasai Ederrean lana kaleratu du, “apaingarri eta presiorik gabeko” zortzi kanturen bilduma. Entzungai dago Balio Duteren Bandcamp orrian eta salgai Balio Duteren webgunean.
1980ko hamarkadan, Mogollon taldearekin, Adrian Perezek (1960, Donostia) bere bataio musikala eduki zuen. Talde honen sortzaileetako bat izan zen eta beste hainbat garaiko taldeekin batera, Donosti Sound zigilua osatu zuten.
Hainbat talderekin kolaborazioetan ibili ondoren, 1993n Mal de ojo euskal errunba lantzen zuen garaiko proiektu probokatzailea sortu zuen. Bertan, kantari, konpositore eta gitarrista gisa ibili zen eta 12 urtetan zazpi disko argitaratu zituen. Euskal Herriko plazetatik dezente ibili ostean, proiektua agortuta zegoela iruditu zitzaion.
Bitartean, istorio pertsonalagoetan ere murgildua zen, Haragi gordina taldean, zeinarekin, bi urtez, Euskal Herriko zirkuitutik emanaldiak eskaintzen ibili baitzen. Talde honekin Kale usainak izeneko lana argitaratu zuen 2001ean. Musika kontsumitzeko moduetan “aldaketa sakona” jasaten ari zelakoan, zuzenekoak alboratu zituen.