Poliziak "egoki" eta "progresiboki" jokatu zuen realzaleen aurkako erasoan, Espainiako Gobernuaren arabera
Maiatzaren 15ean, Bultzada Txuriurdineko hainbat realzale jipoitu zituen Espainiako Poliziak Vila-realen (Herrialde Katalanak), Reala Vila-realen aurka jokatzekoa zen partidaren aurretik. Zalaparta sortu zen horren harira, eta Bultzadak berak zein Realak (egun batzuk geroago) erasoa gaitzetsi zuten. Erasoan, hainbat realzale zauritu zituzten poliziek, eta batzuk ospitalera eraman behar izan zituzten.
Horrela, EH Bilduko Jon Iñarritu Kongresuko zinegotziak hainbat galdera egin zizkion Espainiako Gobernuari, Poliziaren jokabidearen inguruko azalpenak eskatuz. Besteak beste, oldarraldia gauzatzeko arrazoien inguruan galdetu zuen, ikerketa egin ote den, eta irain euskalfoboengatik neurriak hartuko ote zituen. Izan ere, realzaleek kontatu zutenez, Bultzadako hainbat kide eta euren senide batzuk, haurrak barne, taberna baten kanpoaldean zeuden, eta Poliziak inguratu egin zituen. Azalpenak eskatu zizkieten agenteei, eta, salatu zutenez, agenteak irainka hasi zitzaizkien. Nabarmendu zutenez, polizia batek “euskaldun putak, orain ez duzue hainbeste potrorik”, esan zien.
Pedro Sanchezen gobernuak asteartean helarazi zuen erantzuna, eta esan zuen realzaleek “gorrotoa eta indarkeria bultzatzeko lelo iraingarriak” oihukatu zituztela, baita “bengalak, ke potoak eta bestelakoak botatzen hasi” zirela urrun zeuden polizien aurka. Ordea, lekuko izan zirenek grabatutako bideoetan ez da halakorik ikusten. Espainiako Gobernuaren arabera, Poliziak “esku hartu behar izan zuen hiriko segurtasuna berriz ezartzeko, legearen eta arauen araberako esku hartzea eginez”. Era berean, gaineratu du Poliziak “indarra progresiboki” erabili zuela. Horrez gain, gobernuak argudiatu du “muturreko indarkeriazaleen talde bat” kalteak eta mina egiteko asmoz aritu zela.
Iñarrituren arabera, “Espainiako Gobernuaren bertsioa ez dator bat” irudiekin eta lekukotasunekin, eta, horregatik, Fernando Grande Marlaska Barne ministroaren agerraldia eskatu du. Aipatzekoa da, halaber, Espainiako Gobernuak erantzunean zehaztu duela Poliziak hamar isun proposamen egin zituela, kirolean indarkeria, arrazakeria, xenofobia eta intolerantziaren aurkako legea jarraituz. Bestalde, zehaztu dute bost lagun atxilotu zituztela, desordena publikoak, agintearen agentearen aurkako erasoa, erresistentzia eta desobedientzia leporatuta.