Egun osoko egitaraua antolatu du Gure Esku-k larunbaterako
Larunbatean, egun osoko egitaraua antolatu du Donostiako Gure Esku-k. Uztailaren 2an erronka potoloa dute, eta berotzen hasi nahi dutela kontatu digute Maria Mungia eta Dani Goñi bozeramaleek: Herrialde Katalanekin batera, Pirinioetako tontor guztiak argitu nahi dituzte eta, erabakitzeko eskubidearen alde.
Jai eta aldarrikapen giroan, egun osoko egitaraua egingo dute Donostian, larunbatean, “girotzeko eta motorrak berotzeko”. Herrialde Katalanetatik datoz Vilafrancako castellers-ak, Euskal Herrian zeudela aprobetxatuta, Donostian egitea adostu dute: “Katalunia eta Euskal Herria batera egingo duten ekimena izanda, ezin hobeto zetorren”.
12:00etan izango da lehen castellers-a Alderdi Ederren. 12:45ean Konstituzio plazan egingo dute bigarrena (Parte Zaharra), eta, hirugarrena, 13:45ean Katalunia plazan (Gros). Horren ostean, bazkari herrikoia egingo dute Katalunia plazan bertan, 15 euroren truke.
Bihar argitaratuko dugu astekarian elkarrizketa.