Hezkuntza legean euskal kultur transmisioa berma dadin
Euskararen kulturgintzako eragileek agerraldia egin dute Donostiako Oteizaren eskulturan EAEko Hezkuntza Lege berrian euskal kultur transmisioa berma dadin eskatzeko eta berau gara dadin laguntza eskaintzeko.
2019ko urrian jardunaldiak antolatu zituzten Azpeitian euskal kultur sorkuntzaren transmisioa hezkuntza arautuaren testuinguruan jorratzeko, hainbat eragileren artean (Ahotsenea, Azpeitiako udala, Azpeitiko Kultur Mahaia, Elkar Fundazioa, Kulturaz kooperatiba, Hik Hasi, Ikaselkar eta UEU). Jardunaldi haietan eginiko diagnosiek eta trukaturiko esperientziek “argi utzi zuten kultur sorkuntzaren transmisioa egituratzeko eta sendotzeko premiazkoa zela kultur eragileon arteko eta kultur transmisioan dihardugun eragileon arteko saretzean urratsak egitea”.
Horretan aritu dira azken bi urteotan, eta kultur sorkuntzaren transmisioaren inguruko gogoeta egitera eta saretzera batu zaizkie orduz geroztik beste hainbat eragile: Bertsozaleen elkartea, Euskaltzaleen Topagunea, Dantzan, EEE, EHAZE, EIE, EIZIE, Xabiroi, Tupust!, Jakin, Galtzagorri elkartea, Lanartea, Ibaia, ADDE eta EuskalPen.
Hezkuntza Itunaren eztabaida dela eta, “premiazkoa” iruditu zaie kulturgintzatik euren ikuspegia gizarteratze: “Geuk ere ahotsa hartzea etorkizuneko legeak euskal kultur sorkuntzaren transmisioa hezkuntzan berma dezala eskatzeko. Testu bat adostu dugu eragileon artean aldarri hori gizarteratzeko atxikimenduak lortzeko, eta ahalik eta gorputz kolektibo sendoena egituratzeko”.
Bertan izango dira aldarrikapenarekin bat egin duten kultur eragile eta kultur erakundeetako ordezkariak: ADDE, Ahotsenea, Aiaraldea Ekintzen Faktoria, Bertsozaleen elkartea, Dantzan, EAB, EEE, EHAZE, EIE, EIZIE, Euskal Herriko Trikitixa elkartea, Euskaltzaleen Topagunea, EuskalPEN, Galtzagorri, Ibaia, Lanartea, Tupust!, Xabiroi…
Lehen urratsean aldarrikapena eta deialdia kultur eragile eta kultur erakundeen eskutik gizarteratuko dugu, baina asmoa da aurrerantzean sortzaile eta kulturzaleekin ere bidea egitea, eta pixkanaka sarea indartzea eta sendotzea. Hainbat sortzailek ere babesa adierazi diote aldarrikapenari lehen urrats honetan; Amaia Lasa, Andoni Tolosa, Antton Olariaga, Arkaitz Miner, Beñat Gaztelumendi, Gari Otamendi, Joseba Tapia, Oihana Iguaran, Peter Ansorena eta Xabi San Sebastian, besteak beste.
Yolanda Arrieta.