Holobot robot soziala aurkeztu du Tabakalerak
Tabakalerak ‘Holobot. Social Garden’ aurkeztu du gaur Makina Erremintaren Nazioarteko 31. biurtekoan Bilbao Exhibition Centerren, Tekniker eta Kukarekin elkarlanean eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Proiektua, azken hilabetetan garatu da Tabakalerako Medialab eta VR Kommand artisten kolektiboaren artean, eta “aurrerapauso garrantzitsua da” Nazioarteko Kultura Garaikidearen Zentroarentzat, “laborategi bihurtzeko konpromisoan, lankidetzan aritzen diren erakundeetan berrikuntza inpaktua sortzeko eta artistei garapen modu berriak eskaintzeko”.
Joan den astelehenetik, Holobot. Social Garden, bienalekoo 4. pabiloiko Workinn espazioan ikusi daiteke. Mugimendua eta argia duten irudiak sortzen dituen beso robotikoa da.
Holoboten irudien jatorria robotaren, biurtekora joaten diren pertsonen eta sare sozialetan duten interakzioaren arteko komunikazioa da: robotak #Holobot traola erabiltzen duten erabiltzaileak detektatzen ditu, eta euren profiletatik hartutako datuak landare-errealitate simulatu bilakatzen ditu eta ondoren sare sozialetan argitaratzen ditu.
Adimen Artifizialari esker, robotak irudi pertsonalizatu eta distortsionatu bat sortzen du, argi irudi bat erreproduzituz mugimendua eta LED seinale-igorle baten erabilera konbinatuz. Argi horren sorta kamera batek jasotzen du.
“Gizarte-erronkei aurre egiteko sorkuntza artistikoa”
Tabakalerak Artea, Zientzia, Teknologia eta Gizartea ildo programatikoa 2020ko uztailean hasi zuen, Medialab, sorkuntza artistikoa, herritarren sorkuntza eta kultura digitala uztartzen dituen Tabakalerako espazioaren irekierarekin. Zientzia eta teknologia arloko adituekin garatutako sorkuntza artistikoko proiektuak bultzatzen dira, erronka komunak jorratzen dituztenak, hala nola, iraunkortasuna edo teknologiak eguneroko bizitzan duen papera.
Proiektua Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza ekonomikoari esker garatu da. Ekarpen honen helburua esperientzia pilotu bat garatzea da, artearen eta industriaren arteko lankidetza-ereduei dagokienez, eta Euskadiko kultura-sektorearen eta zientzia- eta teknologia-sarearen arteko lankidetza-potentziala aztertzea.