Xanti Zapirain Altzako errefuxiatu historikoa eta idazlea hil da
Xanti Zapirain “Kaiku”, Altzako iheslari eta idazlea hil da asteazken honetan, Antxeta Irratiak jakinarazi duenez. Hogei urte besterik ez zituen Xanti Zapirainek Altza utzi eta Hendaiara ihes egin zuenean. Artean, Franco bizirik zegoen. GALen jopuntuan egon eta gero, Frantziako Poliziaren jazarpena pairatu zuen.
Beste pasadizo gogorren artean, ia hamaika urte egin zituen kalera irten gabe, gerra zikinaren beldur. Sasoi ilun horien bizipenak bildu zituen Txalapartak kaleratutako Bizi behar dugu (2005) liburuan. ARGIA-k jaso duenez, baditu bestelako lanak ere. Sarean kontsulta daitezke, adibidez, Martillungo sindikatua, Txurreroen enparantza, Ipuinen baratza, Bidea bizitzen edo Martillunen gaur blogak: oroitzapenak, bertsoak, gogoetak, senide eta lagunekin izandako bizipenak…
IRUTXULOKO HITZA-ko Iñaki Lazkanok elkarrizketa egin zion liburua argitaratzerakoan.
GALen hilketaren garaian hasten da eleberria.
Oso sasoi gordina izan zen. Adiskide asko galdu nituen. Nire bila ere etorri ziren, eta ia garbitu ninduten. Errefuxiatuon bizitza errotik aldatu zen. Heriotza genuen itzal. Sasoi latz haren bukaerak, ordea, ez zuen ezer onik ekarri. Premiazko legea ezarri zuten, eta astero-astero hiru lagun pasatzen zituzten mugaz bestaldera. Eromena izan zen.
Poliziaren jazarpena ere gogorra izan zen.
Hainbat saio egin zituzten ni harrapatzeko, eta guztietan kale egin zuten. Frantziako poliziak oso harroputzak dira eta amorratuta zeuden iskin egiten nielako beti. Orduan, emaztearen eta alaben atzetik segika aritu ziren. Jazarpen basati hark min egin zidan. Basurdea ehizatu ezin dutenean, su ematen diote basoari; suarekin basurdea izutu egiten baita. Halaxe jokatu zuten nirekin. Animalia arriskutsua banintz bezala. Tristea da gero!
Ia hamaika urte egin zenituen ezkutuan. Gordeleku batetik emaztea eta alabak leihotik ikusi eta ezin zenituen agurtu.
Zaila da esaten zer sentitzen den halako egoera batean. Alde batetik, poza. Maite nituen pertsonak ikusteko aukera nuelako. Beste batetik, ezina. Haiek besarkatzeko modurik ez nuelako. Poza, ezina, tristura, itxaropena… Ezkutuan nenbilen garairik latzenean goizeko ordu txikietan esnatu eta ilunpean bizi izan nintzen. Eta iluntasuna bakardadea baino askoz gogorragoa da.
Barre egiten ahaztu zitzaizula aitortzen duzu nobelan. Berreskuratu al duzu irribarrea?
Ez erabat. Garai makur haietan idazteak bakardadeari aurre egiten lagundu zidan. Baina pertsona bat idazten hasten denean, ez du sekula burua leku bakarrean izaten. Gainera, zozotu egiten da zertxobait. Tristetu. Idazle handia ez naizela badakit. Txurrogileen kategoriakoa nauzu. Txurrogile jeniala, ordea. Bihotzarekin idazten dut. Intriga eta saltsa pixka bat ematen diet kontakizunei. Irudimen handia dut. Odolean daukat etorria.
Duela 32 urte utzi zenuen Altza. Nostalgiarik sentitzen al duzu?
Nire herri txiki hura bihotzean daramat beti. Oraindik gogoan dut nolakoa zen. Baserriak, zuhaitzak, paisaia… Aspaldi ez naiz Altzan izan, eta asko aldatu dela badakit. Itzultzeko gogoa dut; kolpe handia jasoko dudala jakin arren.
Nola irudikatzen duzu etorkizuna?
Eraikuntzan ari naiz lanean, eta tarte handirik ez dut idazteko. Lasai idazteko erretiratu nahi nuke. Itsuei omenaldi bat egin nahi diet liburu bat idatzita. Ilunpean sentitzen den ahultasuna gertutik ezagutzen baitut nik. Zorionari buruz ere liburu bat idatziko dut. Zorionaren trena oso gutxitan pasatzen da geltokitik eta martxan hartu behar dugu. Ez baita sekula gelditzen.
Nola ikusten duzu gaur egungo egoera?
Euskal Herriko etorkizunari buruz baikorra naiz. Hizkuntza eta batasuna baino lehergailu handiagorik ez daukagu. Baina, antza, ez gara horretaz konturatzen. Banandurik bizi gara, eta euskara bigarren hizkuntza da gure herrian. Baina, goiz ala berandu, gauzak bere onera itzuliko diren esperantza dut. Amets hori dut, behintzat.
Hemen irakur daiteke osorik elkarrizketa.