27 industrialdeko sarbide berria ireki dute
Gaur goizean ireki dute GI-2132 errepidea, Astigarraga parean, Martuteneko 27 industrialdearekin lotzeko sarbide berria. Astigarragako Bidebitarte biribilgunetik industrialdera eta handik biribilgune horretarako mugimenduak ahalbidetzen ditu. Bide berriak orain arte industrialdera sartzeko zegoen bide bakarra arinduko du. Lanak egiteko hamahiru hilabete behar izan dituzte, eta inbertsioa 6 milioi euro baino gehiagokoa izan da.
Markel Olano diputatu nagusiak, Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak eta Eneko Goia alkateak lotura berria bisitatu dute gaur eguerdian. “Nabarmen hobetuko du zirkulazioaren arintasuna eta segurtasuna, Gipuzkoako errepide sarearen lotune nagusi batean. Bestalde, hiriburuko industrialde garrantzitsuenetako baterako sarbideak hobetu ditugu. Hala, bultzada berria eman diegu enpresei, langileei eta, oro har, jarduera ekonomikoari, eta ekarpen garrantzitsua egin dugu hiriko sarbideetako trafikoa hobetzeko”, esan du Olanok.
Astigarragako GI-2132 errepidea 27 industrialdearekin lotzeko errepide berriak GI-3841 izena hartuko du, eta tokiko sare griseko errepide arrunt gisa sartuko da Gipuzkoako Foru Aldundiaren Errepide Sarean. “Lotune horretatik, Petritegiko bidearen gainetik igarotzen den bide berri bat sortu da, Astigarragako Galtzaur auzoa inguratu, Antondegi gaineko gailurra igaro eta, azkenean, 27 industrialdeko Ubarburuko pasabidearekin lotzen duena”, azaldu du Oiarbidek.