Antigua, Amara Berri, Oleta eta Herrera, jaietan
San Joan bezperako sua itzuli da hirira, eta itzuli da auzoetara. Han hemenka piztuko dira suak, urteko gaurik motzena ospatu eta udarari ongietorria emateko. Eta sanjoanen aitzakiarekin, hainbat auzotan, egitarau zabalagoa prestatu dute ere: jaiak ospatzeko daude eta.

Antiguan badakite jaiak ondo ospatzen. Joan den astean hasi zituzten sanjoanetako ospakizunak, eta datorren asteburura arte arituko dira. Azken bi urtetan ez dute jairik antolatu, eta, aurten, hiru asteburuko egitaraua prestatu dute. Auzoan zeuden «gogo itzelen» isla dela dio Antiguotarrak Dantza Taldeko Nora Miranda Martinezek (Antigua, 1999). Gauza batzuk antolatzea zailagoa izan da, «ahaztuta genituen gauza batzuk norekin hitz egin».
Gogo horien isla izan zen joandako asteburua. Indartsu hasi zituzten jaiak Antiguan, frontoia jendez lepo egon baitzen larunbatean, Ez Donk Hamahiru Egunean. Auzoko euskal presoen aldeko enkarteladarekin hasi zuten eguna, herri bazkaria egin zuten ondoren, kamiseta historikoen erakusketa eta enkantea bazkalostean, Beñat eta Unai Gaztelumendi anaien bertso bazilea arratsaldean, XXIII. Ez don/k Hamahiru Antiguon Hamalau jaialdia ondoren, eta GZR Banden, Indaberen, Herenegunegunen eta DJ Miniñoren kontzertuak gauean.
Asteartean, Porrotx eta Marimotots aritu ziren frontoian, haur eta gurasoei irri bat baino gehiago ateratzen. Atzo, aldiz, Dokan Pelax eta Kuartz taldeen kontzertuak izan ziren.
Bihar, dantza eguna
Jaietako bigarren txanpa gaur hasiko da, pala txapelketako finalarekin, bai gizon eta baita emakumeena ere. Astean zehar aritu dira sailkapen partidak jokatzen eta gaur izango da finala, kale animazioarekin batera. Pala erakustaldia izango da baita ere.
Antiguotarrak Dantza Taldeak, aldiz, oso argi du: larunbata da egun handia. Izan ere, larunbatean ospatuko da Dantza Eguna.
Mirandak azaldu duenez, egitarau osoan auzoko eragile ugarik parte hartzen duten arren, Antiguotarrak Dantza Taldeak hartzen du pisu handiena. Eta, hain zuzen, horregatik da Dantza Eguna egunik garrantzitsuena beraientzat: «Ikasturte osoan zehar haurrekin egindako lanketa erakusteko egun handia da guretzat». Jakintzan, Ibai Ikastolan eta Merkatuan egiten dituzte ikastaroak urte osoan zehar, eta hori da jendaurrera eraman nahi dutena: «Erakusketa eguna da guretzat». 11:30ean Matia kalean zehar aterako dira eta ostean erakustaldia egingo dute frontoian, ikasturteka banatuta.
Jarraian, bazkari herrikoia egingo dute, eta arratsaldean plaza dantzak izango dira: «Aurten Jeiki Hadi taldea ekartzeko aukera izan dugu».
Sanjoanak, euskal kultura sustatzeko
Antiguako sanjoanen helburua «euskal dantza kalera atera ahal izatea da, euskal dantza jai giroan egin daitekeen zerbait dela erakustea». Mirandak dioenez, urtarrilekoa San Sebastian egunaren inguruan da, eta ekainekoak euskal kultura sustatzeko asmoz sortu ziren, batez ere.
Horregatik dira bereziak Mirandarentzat: «Gure jaiak dira hauek. Urte osoan zehar egindako lana ikusten da kalean, eta, batez ere, euskal giro hori sortzen da. Horregatik, asko gustatzen zaizkit jai hauek».
San Joan bezpera
San Joan bezpera ospatu egingo dute ere, noski, eta Gaskonia plazan sua pizteaz arduratuko dira dantza taldekoak.
Eta, horrekin, hirugarren asteburuari emango diote hasiera, ekainaren 25ean gazte eguna ospatuko baita auzoan, Txantxarreka Gaztetxearen eskutik: futbito txapelketa eta herri bazkariarekin.
Hain zuzen, dantza taldeaz gain, San Joan jaien antolakuntzan, auzoko hainbat eragilek eskaintzen dieten laguntza nabarmendu dute Antiguotarrak Dantza Taldeko kideek: «Auskalo, Txantxarreka gaztetxea, presoen aldeko taldea, Txirain elkartea, Platerotarrak Mendi Taldea… auzoko eragile eta bizilagun askoren laguntzari esker osatzen dugu urtero egitaraua». Gainera, dantza taldean hainbat belaunaldi egoteak antolakuntzari ematen dioten aberastasuna nabarmendu dute: «Auzoko jaien etorkizuna bermatuta dago».
Erraldoi birziklatuak
Antiguako Loretope konpartsak jakinarazi duenez, aurtengo sanjoanetan birziklatutako materialarekin egindako erraldoiak erabiliko dituzte. Istorio bitxi bat dago horren atzean, izan ere, erraldoi horiek Olaztiko (Nafarroa) Ihoteak ospatzeko sortu zituen bertako kuadrilla batek. Maite Barrenetxeak zizelkatu zituen, eta herriko jostunek apaindu.
Gogoratu, Antiguako Loretope konpartsak auzoko erraldoiak sortzeko diru-bilketa bat abiatu zuela, eta, oraindik ere, horretan ari direla. «Antiguan erraldoiak dantzan jartzeko irrikaz gaudela jakin zutenean, ez zuten zalantzarik egin eta guri oparitu dizkigute. Sanjoanetan dantzan jarriko ditugu! Eta seguru gaude, denon laguntzaz sortuko ditugun gure bi erraldoiekin laster egingo dutela dantzan!», adierazi du konpartsak sare sozialetan.
Sanjoanak Amara Berrin
Bi urteko etenaldiaren ostean, Donostiako auzo guztietako jaiak indar handiz itzultzen ari dira, eta, Antiguakoez gain, Amara Berriko sanjoanak ez dira gutxiago izango. Betiko legez, Ikasbide Kultur Elkarteak antolatu ditu jaiak, eta hiru eguneko egitarau zabala prestatu dute, haurrentzako, gazteentzako zein helduentzako jarduerekin.
Bihar hasiko dira Probestu plazan eta, besteak beste, txupinazoa eta erraldoi berrien aurkezpena, haurrentzako puzgarriak, tailerrak eta Izeba tekla antzerkia , txokolate jana, zezensuzkoa eta gazteentzako disko festa egongo dira, azken honetan, Oihan Vega DJarekin. Ikasbidetik adierazi dutenez, aurten are bereziagoa izango dira jaiak, erraldoi berriak izango baitituzte. Auzoko bizilagunek «arropak eta guzti» josi dizkiete.
Su Ta Gar eta Potato gaur, Herreran
Herreran joan den astean hasi zituzten jaiak, eta, Antiguan bezala, aste batekin nahikoa ez, eta hilaren 23ra arte luzatuko dituzte. Egitarau zabala dute, baina gaurko kontzertuek sona berezia hartu dute: Su Ta Gar, Potato eta Dantzall Sound taldeek joko dute 22:00etatik aurrera Herrerako plazan, eta kontzertuak amaitzean, Rider DJa arduratuko da gaua alaitzeaz.
Hilaren 21eko San Luis egunerako ere egun osoko egitaraua prestatu dute, asteartea izan arren. Dena bukatu behar da, tamalez, eta San Joan bezperan, sua piztu eta gero, abestuko dute Gaixoa ni!, jaiei amaiera emanez, hurrengo urtera arte.