Dantzaren munduko txapelketaren finala Donostian egingo da
Dantza ikuskizun batean hartutako irudia. (Argazkia: Gorka Bravo) Donostia dantzaren munduko hiriburua bilakatuko da ekainaren 24tik uztailaren 2ra, izan ere, Dance World Cup-en (Dantzaren Munduko Txapelketa) finala bertan ospatuko baita. Mundu mailako dantza ekitaldirik handienak 40 herrialdetako dantza eskoletako 5.000 haur eta gazte ekarriko ditu Donostiara.
Antolakuntzak Kursaaleko auditorioa eta ganbera aretoa alokatu ditu bederatzi egunetarako, eta Victoria Eugenia Antzokian ere egingo ditu ekitaldi batzuk. Horrez gain, inaugurazio egunean, parte hartzaile bakoitzak bere herrialdeko banderaren atzean desfilatuko du Kursaaletik hasi eta udaletxeraino.
Aurreko edizioetan, Braga (Portugal), Sitges (Katalunia) eta Offenburg (Alemania) izan dira Dance World Cup-aren finala ospatu den hirietako batzuk.

