Jaizkibeletik hasita, Pirinioak gurutzatuko ditu Gure Esku-k
Biharko egun osoko egitaraua antolatu du Donostiako Gure Esku-k. Uztailaren 2an erronka potoloa dute, eta berotzen hasi nahi dutela kontatu digute Maria Mungia eta Dani Goñi bozeramaleek: Herrialde Katalanekin batera, Pirinioetako tontor guztiak argitu nahi dituzte eta, erabakitzeko eskubidearen alde.
Uztailaren 2an, euskal herritarrek eta katalanek Pirinioetako 300 gailur baino gehiago argiztatuko dituzte ilunabarrean. Gure Esku-k, ANC Biltzar Nazional Katalanak eta FEEC Kataluniako Txangozale Erakundeen Federazioak antolatu dute ekinbidea, Omnium Cultural eta Artistes de la Republica elkarteen laguntzaz, eta espero dute etorkizunean elkarlanean jarraitzea. Gure Eskurentzat, “herri gogoa” berpiztea ezinbestekoa da erabakitzeko eskubidea lortzeko bidean: “Herriari hitza emateko garaia da, edo, beharbada, herritarrok hitza hartzekoa”, Amalur Alvarez bozeramailearen hitzetan.
Jaizkibelen hasiko da bidea argitzen, eta, hain zuzen, hori da donostiarroi egokitu zaien gailurra. Dani Goñi eta Maria Mungia Donostiako Gure Esku-ko kideak dira eta “gogotsu” daude ekimenerako: “Pirinioetako gailur askotarako jada taldeak sortuta daude; errazago ari dira betetzen mendi horiek. Guri Jaizkibel dagokigu, eta jendeak ez du izena emateko behar berezirik ikusten, bertan dagoelako”.
Edonola ere, uste dute jendeak erantzun egingo duela, eta Guadalupeko Amatik aurrera, giro onean argiztatuko dutela Jaizkibeleko tontorra.
“Hasiera besterik ez”
Iaz egitekoak ziren Pirinioetako egitasmoa, baina pandemiagatik bertan behera geratu zen. Horren ordez, egun bakarreko dinamika egin zen, Tourra pasatzen zela aprobetxatuz. Goñiren hitzetan, “orain arte Euskal Herrian antolatzen zen zerbait, eta katalanek euren babesa adierazten zuten, edo alderantziz”. Proces-a, Egunkaria, eta “hamaika adibide” daude. Oraingo honetan, ordea, “hasieratik elkarrekin ari dira antolatzen egitasmoa bi herrialdeak”.
Azken finean, “bi herriek helburu bera dugu”, dio Goñik, “autodeterminazio eskubidea gauzatzea, eta beraz, zergatik ez elkarrekin aritu”.
“Helburua ez da uztailaren 2a, helburua da herria dinamizatzea eta mobilizatzea autodeterminazio eskubidea egikaritzeko”. Mungiak dioenez, “saretzea” bilatuko dute, eta aurrera begira lanean jarraitzeko aukera izango da. Europatik etor daiteke olatu berri bat, eta guk prest egon behar dugu.
Gaiak izugarrizko garrantzia du Mungiaren ustez: “COVIDarekin dena albo batera geratu da, eta honek gai orokorregia dirudi. Aldi berean, edozein erabaki txikiri eragiten dio, gure egunerokotasunean eragina dutena”.
Puxiken ordez, eztabaida serioa
Aurrera begira zer? “Eskozian eta Irlandan baliteke bide bat egitea erreferendumekin. Guk ezin dugu zain egon, ea trena noiz pasako. Prest egon behar dugu. Bidea elkarrekin egin behar dugu Europako herri guztiek”, adierazi du Goñik.
Honela dio Mungiak: “Jada hamar bat urte dira Gure Esku jaio zela, eta nire ustez, pixka bat nekatuta gaude globotxoak astintzeaz. Serioski planteatu behar dugu nora goazen eta nola egin nahi dugun. Europan badaude horrelako korronteak, zergatik ez dugu hemen jarriko mahai gainean eztabaida serio bat? Erabakiak hartzeko garaia da”.
Goñik gehitu du: “Herria mugitu beharra dago. Horrek ekarriko du erakundeak mugitzea”.
Donostian “oso epel”
Donostian egoera nola ikusten duten galdetuta, “oso epel” dagoela aitortu dute. Goñik gehitu duenez, inguruko herriekin alderatuta, edozer gauza antolatzeko “askoz ere zailagoa da”. Biharko bazkaria jarri du adibide moduan: “Ez zaigu burutik pasatu ere egiten udaletik laguntza lortu daitekeenik Kataluniako casteller-sen bidaia ordaintzeko. Inguruko herrietan udalak ekartzen ditu. Bazkarian dirua aurrezteko ez dugu aulki eta mahairik alokatuko, eta zer egin behar dugu? Inguruko herrietako udalek uzten dizkigute! Garai batean bazeuden udalaren oholtzak, mahaiak eta horrelakoak eskuragarri baina egun, ez”.
Are gehiago, Mungiak azaldu duenez, askotan ordaindu beharra dago, adibidez, informatzeko mahai bat jartzeko. “Mahai bakoitza jartzeagatik 8 euroko tasa ordaindu behar da, eta duela lau urte egindako herri galdeketan, hainbat astez aritu ginenez auzoz auzo informazio postuak jartzen… 1.500 baino gehiago ordaindu behar izan dugu!”.
Motorrak berotzeko
Biharko, jai eta aldarrikapen giroan, egun osoko egitaraua egingo dute Donostian, “girotzeko eta motorrak berotzeko”. Herrialde Katalanetatik datoz Vilafrancako castellers-ak Euskal Herrian zeudela aprobetxatuta, Donostian egitea adostu dute: “Katalunia eta Euskal Herria batera egingo duten ekimena izanda, ezin hobeto zetorren”.
12:00etan izango da lehen castellers-a Alderdi Ederren. 12:45ean Konstituzio plazan egingo dute bigarrena (Parte Zaharra), eta, hirugarrena, 13:45ean Katalunia plazan (Gros). Horren ostean, bazkari herrikoia egingo dute Katalunia plazan bertan, 15 euroren truke.