Migratzaileak eta errefuxiatuak beraien bizitza arriskuan jarri gabe iritsi ahal izatea bermatzeko eskatu dute
Hilaren 20ko Errefuxiatuen Nazioarteko Egunari begira, hainbat eragile sozialek agerraldia egin dute Nautikoan. Izan babes: diskriminaziorik gabeko harrera lelopean manifestazioak egingo dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Donostiakoa igandean izango da, hilaren 19an, eta Aquariumetik abiatuko da 12:00etan.
“Mundu guztia Ukrainari begira dago. Ez da gutxiagorako: milioika pertsonak gerratik ihes egin behar izan dute. Zentzugabekeria horren erdian, Europar Batasunak lehen aldiz aplikatu du 2001/55 zuzentaraua, herrialdetik irteten diren ukrainarrei aldi baterako babes orokorra ematen diena. Horrek agerian utzi du borondate politikoa dagoenean, posible dela babes bila ihesean ari direnen eskubideak bermatzea”, azaldu dute agerraldian.
Horiek horrela, eragileek hainbat aldarrikapen egin dituzte, eta horietatik bat nabarmendu dute; agintariei eskatu diete migratzaileak eta errefuxiatuak Espainiar estatura eta Euskal Herrira beren bizitza arriskuan jarri gabe iritsi ahal izatea. “Horretarako, asilo prozeduretako legezko bide seguruak erraztuz”.
Manifestazio deialdia antolatu eta babestu duten eragileak ondorengoak dira: SOS Arrazakeria, Zehar, Salvamento Maritimo Humanitario, Zaporeak, GOT, Hiritarron Harrera Sarea, Oxfam, Bake Ekintza Antimilitarista, OEE, Amigos RASD, Hotz Zarautz, Kolore Guztiak, Jatorkin Al-Nahda, EIPE-ZAIE elkartea, Denon elkartea, Mundubat, Matiz eta Red Atenea.