"Pandemian gaizki pasa duten aitona-amonak omendu nahi izan ditut"
Urtarrilaren 22az geroztik, ‘Parkean’ eskultura Vielha herrian (Aran ibarra, Herrialde Katalanak) dago. Josean Diez de Quevedo ‘Jadiku’ (Donostia, 1944) artistak Donostian kokatu nahi zuen bere azken sorkuntza lana, baina Donostiako Udalak ez zion baimenik eman. Ondorioz, beste etxe bat duen eta maiz bisitatu ohi duen bigarren herrian egin diote lekua. Urteak daramatza burdinazko eta egurrezko eskulturak egiten, margotzen eta bestelako artelanak egiten. Ekonomialari erretiratua formazioz eta bokazioz, artista aktiboa afizioz.
Noiz hasi zinen eskulturak egiten?
Ekonomialaria izan naiz erretreta hartu nuen arte. Ikasketak bukatzean, hainbat lekutan lan egin nuen. Biurrarena enpresak kudeaketa administratiborako kontratatu ninduen. Obra publikorako makinak konpontzen dituzte. Tailerrean burdinarekin lan egiten zuten, piezak soldatuz eta beste. Langileei eskatu nien soldatzen irakasteko, eta harritu baziren ere, erakutsi zidaten. Bulegoko ordutegia bukatzen nuenean, arratsaldetan tailerrera jaisten nintzen burdina soldatzera. Han egin nuen nire lehendabiziko eskultura, 1970eko hamarkadaren hasieran.
Aldiz, urte batzuk beranduago egin nuen nire lehendabiziko eskultura esanguratsua. 1979ko maiatzaren 25ean Añorga Txikin jarri nuen Zergatik eskultura. Jesus Mari Ijurkok eta Arturo Zelarainek egindako lana ezinbestekoa izan zen proiektua aurrera eramateko. Eskulturak esanahi berezia du, baina oraindik ez dut argituko.
Aieten ere beste eskultura bat duzu ‘Toka’ izenekoa, Manuel Matxain auzoko bertsolari eta kirolariaren omenez sortu zenuena.
Horrela da, bai. 2016an 100 urte bete ziren Manuel Matxain jaio zenetik [1916an], eta mendeurrena ospatzeko omenaldi bat egingo ziotela esan zidaten. Haren alaba Marian Matxainen senarra, Angel Alberdi, nirekin harremanetan jarri zen, eta eskultura bat egitea proposatu zidan. Ideia baten inguruan bueltaka aritu nintzen, eta toka oinarri zuen figura bat prestatu nuen. Auzoko batzuei gustatu zitzaien, eta beste batzuei gutxiago. 2016ko omenaldi sentituan parte hartu nuen, eta sendiari Toka eskultura txiki bat oparitu nion. Ekitaldi hartan udalak konpromisoa hartu zuen tamaina handiko eskultura jartzeko. Denbora pasa zen, eta udalak ez zuen ezer esaten. Lantxabe auzo elkarteko Felix Perezek lortu zuen eskulturaren proiektua aurrera eramatea. Udalaren atzetik ibili zen lortu zuen arte. Azkenik, 2017ko urriaren 12an inauguratu zen.
Aldiz, Aieteko parkean jarri zenuen ‘Parkean’ eskultura, denbora batez. Nola sortu zitzaizun aukera?
Toka eskulturaren inaugurazioaren ondoren, Angel Alberdik berak proposatu zidan Aieteko Topalekuan erakusketa bat egiteko. Juan Carlos Berzosarekin jarri ninduen harremanetan, gune horretako arduradunarekin. Nik adierazi nion tamaina handiko eskulturak nituela, eta ez zirela eraikin barruan kabituko. Handiak ziren eskultura horiek parkeko hainbat txokotan jartzea proposatu nien, baina ez zidaten baimenik eman. Erakusketa 2020ko azaroan inauguratu nuen, pandemiaren erdian. Eskultura txikienak Topalekuaren barruan jarri nituen, eta handienak eraikinaren parean. Salbuespen bat egin genuen. Erakusketarako Parkean eskultura sortu nuen, eta parkeko txoko batean jartzen utzi zidaten. Lan honen bidez, pandemian gaizki pasa duten aitona-amonak omendu nahi izan ditut. Eskulturak bi figura ditu, aitona edo amona bat bere bilobarekin. Harrera ona izan zuen, eta, jakin dudanez, hainbatek eskultura besarkatu eta musukatu zuten.
Zure asmoa zen ‘Parkean’ eskultura Donostian geratzea, eta hori lortzeko mugitzen hasi zinen.
Argi nuen hiriko txokoren batean jarri nahi nuela. Etxean izatearekin ez nintzen konformatzen. Adinekoen egoitza batekin jarri nintzen harremanetan, beraien bitartez udalari eskaera egiteko. Udalak ez zuen aintzat hartu. Orduan, udaletxean instantzia bat erregistratu nuen 2021eko uztailean, eskultura Donostian kokatu zezaten eskatzeko. Hiru leku proposatu nituen: Alderdi Eder, Koldo Mitxelenaren aurreko lorategia eta Añorga Txiki. Jakinda lehen bi aukerak baztertuko zituztela, Añorga Txikiko auzo elkartearekin jarri nintzen harremanetan. Beraiek beste eskaera formal bat egin zioten udalari. Hilabete batzuk beranduago, auzo elkarteak esan zidan udalak eskaera baztertu zuela. Parkean Donostian jarri nahi nuen, baina hirian bi eskultura nituenez, nahikoa zela esan zuen udalak.
Eta noiz sortu zen Vielhan eskultura jartzeko aukera?
Urtarrilaren 1ean eskiatzen ari nintzela, lagun batzuei kontatu nien eskulturarekin gertatu zitzaidana. Alkatearen hurbilekoak ziren eta niri gertaturikoa jakinarazi zioten. Hurrengo egunean alkateak bilera bat proposatu zidan. Eskultura Vielhan jartzea eskaini nion, eta ideia paregabea iruditu zitzaion.
Are gehiago, inaugurazio ekitaldi bat antolatu zenuten Vielhan.
Urtarrilaren 22an inauguratu genuen Parkean / En Parc eskultura. Eskultura adinekoen egoitza baten eta ospitalearen artean kokatu zuten. Vielhako Udalak argi ikusi eskulturak Aran ibarreko adineko pertsona guztiak omentzeko balioko zuela. Horrela, 100 bat adineko pertsona etorri ziren aurkezpenera. Hunkigarria izan zen. Hemendik gutxira, Parkean eskultura duen parkeari izena jarri eta aurkezpen ofizial bat egingo dute.
Zure ibilbide artistikoak lotura zuzena du jubilatu bitarteko bizitza laboralarekin, ezta?
Horrela da, bai. Aipatu moduan, Biurrarena enpresan aritu nintzen lanean sei hilabetez. Utzi baino lehen, ezagun batek esan zidan Donostian kokaturiko Gipuzkoako ospitalea penagarri zegoela, eta kudeatzailearen plaza aterako zutela. Nik ospitaleen kudeaketaz ez nekien ezer, baina nire burua aurkeztu nuen, eta, ezustean, lana eman zidaten.
Garai zailak ziren, Franco bizirik zegoen, eta gertutik bizi behar izan nituen Burgosko Prozesuaren greba eta manifestazioak. Horietako bat Gipuzkoako ospitalearen aurrean egin zen, eta polizia hara sartzen ahalegindu zen erizain batzuk atxilotzera. Korrika batean jaitsi nintzen Larrialdietako ateak ixtera. Horrela ez zuten sartzea lortu. Ordea, ospitaleko batek salatu ninduen, eta Gobernu Zibilaren kalabozoetan sartu ninduten. Garai hartako 25.000 pezetako isuna ordaindu behar izan nuen. Hurrengo egunean sekula ahaztuko ez dudan harrera egin zidaten ospitaleko langileek.
Ospitalean eskulturak egiten jarraitu zenuen?
Ez, han ezin nuelako burdina soldatu. Ginekologia sailera mugitu ninduten, eta hango langileei esan nien paretak hutsegiak zeudela. Bi asteburutan 40 koadro margotu nituen paretak apaintzeko. Langileei asko gustatu zitzaizkien, eta beste sail batzuek ere nire koadroak nahi zituztela jakin nuen. Hori bai, kontratua berritu ez zidatenean koadro guztiak eraman genituen. Nik bakar batzuk hartu nituen, eta besteak langileei etxera eramateko esan nien. Guztira, hiru urtez aritu nintzen Gipuzkoako ospitalean lanean.
Ospitaletik Gipuzkoako Foru Aldundira joan zinen lanera. Ekonomialari lanetan aritzeaz gainera, sormenari ere bide eman zenion.
Hori da. Plaza publikoa lortu nuen Gipuzkoako Diputazioko Ekonomia sailean. Demokraziako lehen aurrekontuaren prestakuntzan parte hartu nuen. Azken urtetan, berriz, argitalpenen sailean aritu nintzen lanean. Hamabost urtean 100 bat argitalpen diseinatu eta maketatu nituen.
Urte hauetan guztietan zure ekarpen artistikoa mantendu duzu. Bide beretik jarraitzen duzu?
Bai, noski, eta bada nabarmendu nahiko nukeen beste zerbait. Luis anaiarekin 1980an Txinpart ikus-entzunezko estudioa sortu nuen. 150 bideo baino gehiago egin genituen. Estudioa itxi genuenean gure bideogintza osoa Euskadiko Filmategiari eman genion. Dena dela, Toka eskultura izan zen nire jatorrira eraman ninduena, burdinaren lanketara. Horri esker sortu nuen Parkean eskultura, gaur egun Vielhan ikus daitekeena.