Udalaren hirigintza politika "kaltegarriak" salatzeko 2.000 lagun inguruk hiriko kaleak hartu dituzte
'Donostia berreskuratu, hiri eredua aldatu!' lelopean manifestazioa egin dute gaur arratsaldean. Hiriko askotariko 46 eragilek ere bat egin dute manifestazioarekin, eta euren aldarrikapenak ozen oihukatu dituzte.
Amarako Araba parketik abiatu da martxa 18:00ak pasata. Erdialdeko eta Parte Zaharreko hainbat kale zeharkatu ondoren, Alderdi Ederrera iritsi dira. Orduan, Ramon Agirre aktoreak hartu du hitza, eta kantuan hasi da. Kopla berezi batzuk abestu ditu Quisiera ser alcalde kantu ezagunaren doinuarekin. Umore zorrotzarekin udal gobernuari hainbat mezu helarazi dizkio. Ondorengo bideoan ikus eta entzun ditzakezue:
Bukaerako ekitaldian, manifestazioa egiteko arrazoiak azaldu dituzte: “Hiri eredua herritarren eta auzoen beharrei begira alda dadin eskatzeko atera gara kalera. Argi dago zein den Donostiar gero eta gehiagoren sentipena: hiria ez da bizilagunen beharren arabera aldatzen ari eta botere publikoek hiria herritarrentzat pentsatzeari eta horren arabera jarduteari utzi diote”.
Hirigintza merkatu turistikoen eta inbertsoreen “interes espekulatiboen” mendean jartzearen ondorioz, kolektibitateari “kalte handiak” eragiten ari zaizkiola ohartarazi dute. “Interes ekonomiko pribatuen arabera bideratzen dira donostiarrei zuzenean eragiten dieten erabaki garrantzitsuak, eta eredu horrek ondorio gero eta kaltegarriagoak eragiten ditu herritarren gehiengoaren bizi baldintzetan”. Horietako batzuk zerrendatu dituzte: “Etxebizitza larrialdia, hiriaren ekonomia eredu prekarioa, kalearen merkantilizazioa eta masifikazioa, hiriaren elitizazioa, hirigintza politika erasokorren ugaritzea eta ondare arkitektonikoaren suntsiketa”.
Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berritzeko prozesua ere kritikatu dute. “Donostiaren eta donostiarron etorkizuna epe luzera gehiago baldintzatzeko eta serioski kaltetzeko arriskua ikusten dugu. Itxurazko parte hartze prozesuen gibelean, entzungor egiten diete indar ekonomiko nagusiekin bat ez datozen iritziak ematen ditugun eta bestelako hiri eredua defendatzen dugun donostiarrei”.
Horri aurre egiteko indarrak biltzea “premiazkoa” dela nabarmendu dute: “Donostiako hiri eredua aldatzeko behar larriaren aurrean, hainbat auzo elkarte eta herri mugimendu elkarlanean ari gara. Hau da, bakoitzak bere auzoan eta jarduera eremuan lan egitearekin batera, auzi honetan kezka berdintsuak partekatzen ditugun talde eta pertsona guztien artean eragitea gure ustez ezinbestekoa da. Elkarlan honen lehen urrats gisa egin dugu gaurko manifestazioa, eta elkarlan honek segida izango du. Jende guztia harremanetan jartzeko eta parte hartzeko animatu nahi dugu beraz”.