Eraso matxisten aurkako kanpaina jarri du martxan udalak
Ane Oiarbide, Berdintasun zinegotzia. (Argazkia: Sara Ibarguren) Eraso matxistak prebenitzeko eta horiei aurre egiteko kanpaina antolatu du Donostiako Udalak, Berdintasun sailaren bitartez. Festetan ere aske! Indarkeria sexistarik ez!!! lelopean egingo da, eta San Joan jaiekin hasi eta gabonak arte luzatuko da.
Ane Oiarbide Berdintasun zinegotziak aurkeztu du kanpaina, eta azaldu duenez, Gipuzkoan 2022ko lehenengo hiruhilabetean hirukoiztu egin dira eraso matxisten delituak, 2021eko datuekin alderatuta. “Jaien bueltan, kasu gehiago salatzen dira. Beraz, gure helburua kanpaina honekin donostiarrak indarkeriaren aurkako borrokan sentsibilizatzea da. Guztioi dagokigu errespetuzko, berdintasunezko eta indarkeriarik gabeko jarrerak sustatzea”, adierazi du zinegotziak.
Aste honetan zehar hainbat jarduera daude aurreikusita. Etxez etxe banatuko dira jarduketa-protokoloak (89.000 ale). Indarkeria matxistarik, erasorik edo bortxaketarik gertatzen bada, esku-hartzea erraztea da eskuorri horien helburua. Aste Nagusian pankarta bat ere jarriko dute udaletxean.
Horrez gain, 10.000 liburuxka espezializatu banatuko dituzte gazteen artean. “Liburuxka horietan, erasoak eta tratu txarretan oinarritutako harremanak saihesteko gomendioak ematen dira, eta dei egiten zaie eraso matxisten aurkako jarrera aktiboa izan dezaten”, azaldu du Oiarbidek. Horrez gain, berdintasunaren, autodefentsaren eta indarkeria matxistaren prebentzioaren arloko bi hezitzaile kontratatu ditu udalak. Horiek, erasoen aurkako mezuak daramatzaten txapak, eskumuturrekoak eta bestelako materialak banatuko dituzte herritarren artean. Horrez gain, kalean zehar aurkitzen dituzten gazteengana hurbilduko dira, errespetuan eta askatasunean oinarritutako berdintasunezko harremanak eraikitzen laguntzeko.
Material hori honela banatuko da: San Joan bezperan, ekainaren 23an, informazio gunea Kursaal aldean egongo da, 18:30etik 22:30era. Kaleko hezitzaileak, berriz, portu aldean eta hondartzetan ibiliko dira, 20:00etatik 00:00etara. Karmengo jaietan, Kofradiaren parean izango dira 20:00etatik 00:00etara. Grosen eta portuan, 18:00etatik 22:00etara egongo dira. Groseko Zipotz jaietan, uztailaren 19an eta 20an, 20:00etatik 00:00etara, Txofreko aparkalekuaren ondoan egongo dira, eta, azkenik, Jazzaldian, uztailaren 21etik 24ra, 18:00etatik 21:00etara, Kursaal inguruan. Horrez gain, informazio gune ibiltari bat egongo da Zurriola pasealekuan, 20:00etatik 22:00etara.
Aste Nagusiari, Euskal Jaiei eta estropadei dagokionez, beranduago emango dute informazio puntuen eta ordutegien berri.
Elkarlana
Aurten, udalak elkarlanean jarraituko du ostalaritza sektorearekin, eta, aurreko urteetan bezala, indarkeria eta eraso matxisten aurrean jarduteko protokoloaren 1.250 ale banatuko ditu taberna eta jatetxeetan. Era berean, Dbuseko pantailetan arreta-telefonoen publizitatea jarriko da. Eta, azkenik, sare sozialetan #festetanereaske eta #noesno traolak sortu dituzte erasoen aurkako mezuak zabaltzeko.

