Luisito omendu dute asteburuan Herreran
Herrerako jaiak aurrera doaz (hilaren 23an amaituko dira), eta pasa den asteburua bereziki indartsua izan da, askotariko jarduerak izateaz gain, 2020an zendutako Luis Garin Luisito omendu baitute. Pertsona maitatua zen auzoan, eta Herrerako saltsa guztietan sartuta ibili ohi zen; Herrerako kirol elkarteko presidentea eta jai batzordeko kidea zen, eta berak gorpuztu ohi zuen jaietako Luisito pertsonaia.
Pandemiaren urteetan merezi zuen omenaldia egin ezinik egon ostean, igandean egin zioten omenaldia Herrerako jaietan. Luisitoren erraldoia jarri zuten erdigunean, eta haren omenezko dantza egin zuten. Auzokideek elkarrekin topa eginez amaitu zuten omenaldia.
Horrez gain, Herrerako IV. Boilur azoka ere egin zuten igandean, arrakasta handia izan ohi duen jarduera. Azokako zein Luisitoren omenaldiko argazkiak ikus ditzakezue beheko irudi bilduman, jaiak hasi zirenetik hedabide honek egindako eta bildutako beste hainbat argazkirekin batera.