"Donostiak bertute asko ditu, eta ez dut uste hiri eredua aldatu behar denik"
Hiriko 46 eragilek deituta, Donostia berreskuratu, hiri eredua aldatu lelopean manifestazioa egin zuten iragan larunbatean. Udal gobernuaren hirigintza politika kritikatu zuten, besteak beste. Horren inguruan galdegin dio hedabide honek Eneko Goia alkateari, Tokiko Gobernu Batzordearen osteko agerraldian.
Goiak larunbateko manifestazioa “errespetatzen” duela esan du, “iritziak adierazteko askatasun osoa dugulako”. Dena dela, “galderak batzuk” dituela gaineratu du: “Hiri eredua aldatzeko beharra aipatzen dute, baina ez dakit zein hiri ereduri egiten dioten erreferentzia”. Donostiari begira jarri da alkatea, eta ikusten duena azaldu du: “Badakit hiriak arazoak dituela, beste askok bezala, eta horiek ez ditut ukatuko. Horrela ere, gaur egun dugun hiri eredu honi esker, EAEko hiriburuen artetik zenbaki onenak ditugu enplegu, errenta eta formazio mailan. Era berean, ikertzaileak eta inbertsio teknologikoak erakartzeko gaitasuna dugu, eta emakumezkoen kirolean erreferente gara”. Ildo bererik, ondorengoa nabarmendu du: “Donostiak bertute asko ditu, eta ez dut uste hiri eredua aldatu behar denik”.
Etxebizitzaren arazoari ere erreferentzia egin dio. “Etxebizitzen prezioen gaia aipatzen dute, eta jakina arazo bat dela. Horrek erantzunak behar ditu, bai, baina denok dakigu ez direla errazak. Demagogiaz jokatzea ez da komeni, zuhurtziaz baizik. Hirian egiten diren promozio guztietan babes ofizialeko etxeen kopurua handia da, eta alokairu bat ordaintzeko gazteentzako laguntzak ere badaude. Gehiago egin behar da, eta seguru posible dela”.