Gaur jasoko du Adarra Saria Joseba Tapia soinujoleak
Joseba Tapia (Lasarte-Oria, 1964) musikariak jasoko du gaur Donostia Kulturak musikaren alorrean banatzen duen Adarra Saria.
Donostia Kulturak adierazitakoaren arabera, kontuan hartu dira Joseba Tapiaren ibilbide luzea, moldakortasuna era askotako estiloetan eta musikari handi askorekin aritzeagatik, herri musikaren ondarea kontserbatu eta zabaldu izana, eta hainbat eta hainbat pieza berri konposatu izana, bai eta akordeoiak “askotariko musika ingurune eta giroetan duen gaurkotasuna frogatu izana ere”.
Garaikurra jaso ostean, Joseba Tapiak bere azken diskoa, Egon edo ez egon, aurkeztuko du musikari hauez lagunduta: Nerea Erbiti (ahotsa), Olaia Inziarte (ahotsa), Kristina Aranzabe (ahotsa), Iñigo Telletxea (gitar apala), Iker Uriarte (jazbana), Jexux Aranburu (teklatua), Ion Celestino (tronpeta), Amets Aznarez (tronboia), Ibon Irixoa (saxofoi tenorea) eta Mixel Ducau (saxofoi altua).
Adarra Saria 2014ean hasi zen banatzen Donostiako Udala, euskal musikarien ibilibideak saritzeko helburuarekin. Mikel Laboak jaso zuen lehen eta jarraian etorri dira Ruper Ordorika (2015), Benito Lertxundi (2016), Fermin Muguruza (2017), Anari Alberdi (2018), Berri Txarrak (2019), Kepa Junkera (2020) eta Amaia Zubiria (2021) .

