Loiolako Lorategi Hiriko etxebizitza bateko maizterrak eta bizilagunak birkokatuko ditu udalak
Eremua egokitzeko lanak 2023ko erdialderako hastea aurreikusten du Eneko Goia alkateak.
Donostiako Udalak Loiolako Lorategi Hiriaren garapenarekin aurrera jarraitzen du. Gaur onartu dituzte Lopetegi Berri etxebizitzako maizterrak eta bizilagunak birkokatzeko hitzarmenak. Izan ere, eraikin hori eraitsiko dute garapenari bide emateko. Era berean, etxe horren ondoko tailerrak eta frontoiaren alboko baserria botako dituzte.
Horrekin batera, gaur onartu dutena “aurrerapauso handia” dela esan du Goiak: “Garapen horri esker eremua birsortuko da, etxebizitza berriekin, ekipamendu berriekin eta gune berde berriekin. Eta gainera, Loiolako Erribera eta Loiola auzoen arteko lotura hobetuko da”. Gaur egun, udala eremuaren garapena egiteko proiektua idazten ari da. Horretarako, Endara enpresari adjudikatu zioten idazketaren kontratua.
Orotara, 65.900 metro karratuko eremua birsortuko dute, 261 etxebizitza berri sortuz –%40 babes publikokoak izango dira–. Era berean, egun dauden 55 etxebizitza kontsolidatu, 6.000 metro karratuko erabilera tertziarioko guneak sortu, ekipamendu publikoko bi eraikin eta bi kirol gune eraikiko dituzte. Bestalde, eremura sartzeko bide berriak sortu eta gune berde berriak egingo dituzte ibaiaren ondoan. Bide berriei esker, egungo Loiolako kultur etxearen eta frontoiaren aurrean plaza berri bat sortuko dela adierazi du Goiak. “Matxiñene kalea zabaldu eta oinezkoentzako bide bat egingo da Loiolako Erriberan sartzeko biribilguneraino”.
Proiektua uda bukaerarako edo udazken hasierarako onartzea aurreikusten du udalak, eta jarraian lanak adjudikatzeko prozesua abiatzea. Horiek horrela, Goiak esan du Lorategi Hiriko eremu berriaren lanak 2023ko erdialderako hasi ahal izango direla.