San Martin kalearen itxiera hilaren 23ra atzeratu dute
San Martin kaleko lanak. (Argazkia: Xalba Ramirez) Etzi, hilak 23, itxiko dute azkenean San Martin kalea. Donostiako Udaleko Obra eta Proiektuak sailak itxiera atzeratzea erabaki du, oraindik lan batzuk bukatu behar direlako. Hala nola, semaforo eta seinale berriak jartzea, autobus geltokiak aldatzea, kaleak margotzea eta norabide berriak finkatzea.
Hasiera batean, pasa den astean itxi behar zuten San Martin kalea aurreikusitako zirkulazioaren aldaketa egiteko. Une honetan, Erdialdetik Kontxara doazen motordun ibilgailuen zirkulazioa Arrasate kaletik doa, eta horrela izango da San Martin kalearen noranzkoa aldatzen duten arte. Zubieta kalearen norabidea ere aldatuko dute lanak bukatzean.


