Udako jaialdia berreskuratuko dute Uliako Mintegien parkean
Udako jaialdia egingo dute larunbatean, ekainaren 25ean, Uliako Mintegien parkean. 09:30etatik hasita, askotariko jarduerak antolatu dituzte 19:00ak arte, eta eguna bertan pasa ahal izateko, janaria eta edaria ere eskainiko dituzte.
Uliako Lore Baratzak-eko kidea den Julen Rodriguezek hedabide honi azaldu dionez, lehen, urtero bi jaialdi egiten zituzten, parkea herritarrei irekitzeko. “Une batetik aurrera, jaialdiak egiteari utzi genion lan asko eskatzen zutelako, eta, ondoren, pandemiarekin, ezin izan genuen ezer egin. Orain Uliako Mintegiak martxa handia hartzen ari dira antolakuntza mailan, eta baratzak ondo funtzionatzen du. Batzorde txiki bat osatu genuen ekitaldietarako, eta larunbatean egingo dugu fase berri honetako lehenengoa”, adierazi du Rodriguezek.
Jateko pintxoak, fruta eta bizkotxoak eskainiko dituzte, eta egitarauan ere denetarik dago. Goizean, Kundalini yoga tailerra egingo dute, jarraian aurpegi margoketa, eta, ondoren, xaboi tailerra. Aurten, IV. ezkutaketa txapelketa ere berreskuratuko dute. “Horretarako, izen-ematea eskatuko dugu. Taldekako ezkutaketa da, eta bakoitzean gutxienez heldu bat egon beharko da. Parkearen barruan ezkutatu, eta pare bat pertsona gainerakoen bila arituko dira. Talde izenekin egingo dugu, dortsal moduko batzuekin. Aurreko urteetan arrakasta dezente izan duen jarduera bat da”, nabarmendu du.
Musika ere ez da faltako larunbatean Uliako Mintegietan eguerditik aurrera. Intxaurrondo kantuz, Ting-a Ling Sound Sistem Dj-a, Mucalinda taldea, Duo Quiodlibet bikotea eta Mugan taldearen kontzertu akustikoaz gozatu ahal izango da.