Okendo Aldeko plan bereziaren tramitazioa gelditzeko eskatu dute
Uliako Auzo Elkarteak alegazio bat aurkeztu du 'U.01 Manteo-AU.01.4 Okendo-Alde' azpieremuaren Plan Bereziaren tramitazioa gelditzeko.
Donostiako Udal Gobernuak hasierako onarpena eman zion maiatza bukaeran, eta orduan adierazi zuten sei bat hilabete beharko dituztela Plan Berezia behin betiko onartzeko. Auzo elkarteak, berriz, tramitazioa eteteko eskatu du Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikusketaz arduratzen den talde teknikoak diagnostikoa egin bitartean.
Udal gobernuak 2010eko HAPOa aldatuko du lursail horretan Basque Culinary Center erakundearen Gastronomy Open Ecosystem (GOe) egoitza kokatzeko. Lursail horretarako gazteentzako eta helduentzako etxebizitzak egitea aurreikusten du Plan Orokorrak.
Alegazioaren bidez, bigarren eskaera bat ere egin du Uliako Auzo Elkarteak: “Ez dezatela egin eremuan lorategiez kanpoko lanik, eta kalterik ez egiteko. Kalterik ez sortzeko Done Jakue Bideko zuhaitz eta lorategietan, Nafarroa hiribidetik Zemoriatik Ulia mendira igotzen hasten den tokian”.
Horrez gain, Change.org atarian sinadurak biltzen jarraitzen du auzo elkarteak. 5.000 dira lortu nahi dituztenak, eta dagoeneko erdia baino gehiago bildu dituzte.