Bertso bazkaria egingo dute Antiguako Txirain elkartean
Bertsozaleek badute plana iganderako, Antiguako Txirain elkarteak bertso bazkaria antolatu baitu, Ane Labaka eta Uxue Alberdi bertsolariekin.
Amaitu dira Antiguako sanjoanak, baina festak ez dauka etenik Antiguan, eta jai giroan murgildu nahi duenak badauka igandean nora joan: Txirain elkarteko bertso bazkarira.
Abenduan ziren bertso bazkaria egitekoak, baina bertan behera utzi behar zuten. Horrela ere, orain berreskuratu dute egitasmoa, eta etzi egingo dute, 14:00etan.
Ane Labaka eta Uxue Alberdi ariko dira bertsotan, eta Ander Aranburu ariko da gai jartzaile lanetan. Bazkarirako txartelak 20 euroan daude salgai. Izena emateko ekintzak@txirain.eus helbidera idatzi edo 943-31 28 54 telefonora deitu behar da. Menua ere zehaztu dute dagoeneko: aperitibo batzuk lehenengo, txerri masailak izango dira plater nagusia eta postrearekin eta kafearekin borobilduko dute oturuntza; edaria, gainera, aipatu prezioan sartzen da.