
Hemendik aurrera, Donostiako Udalak kudeatuko du Dbizi sistema, Donostiako Tranbia Konpainiaren bidez. Aho batez onartu dute erabakia ekaineko udalbatzarrean. Dena dela, EH Bilduk zuzenketa bat egiteko eskatu du. Dbiziren geltokietako markesinetan euskarazko informazioa bermatzeko eskatu diote udal gobernuari.
“Autobusetako markesinen antzera, Eneko Goiaren gobernuak proposatu du Dbiziren euskarri berrietan euskara progresiboki agertzen joatea hurrengo 15 urteetan, gaztelaniarekiko berdintasunera iristeko”, adierazi du Zigor Etxeburua EH Bilduren zinegotziak. Horrek euskararen udal ordenantza urratzen duela gaineratu du. Eskaera horri osoko bilkuran ez erantzutea erabaki dute udal gobernua osatzen duten alderdiek.