
Etzi, hilaren 25ean, bukatuko da behin-behinean baimenduriko terrazak erretiratzeko epea. Eneko Goia alkateak asteartean adierazi zuen terraza horiek kentzen ez dituzten ostalariei epea bukatu dela ohartaraziko dietela. Hasiera batean, udalak ez du isunik jartzeko asmorik, baina ohartarazi ondoren terrazak mantentzen dituzten ostalariak zigortuko dituzte.
Hainbat ostalarik udalaren erabakia kritikatu dute. Beraien ustez, terrazen gaineko udal ordenantza garaiz aldatzeko denbora zegoela diote, beste udalerri batzuk egin duten moduan. Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearentzat ere “ulertezina” da erabakia. “Ez dugu ulertzen udan Euskadiko hiriburu turistikoenak terrazen espazioa gutxitzea”, adierazi du elkarteko idazkari nagusi Kino Martinezek. “Ostalariek eskatu dute egungo behin-behineko neurria uda bukaerara bitarte luzatzeko. Ez dute eskatzen pandemian galdutako dirua berreskuratzeko; hori tontakeria bat da”, gaineratu du.