Jarraipen zabala izan du ehungintzako langileen grebak
Greba eguna antolatu dute gaurko ELA eta LAB sindikatuek. ELAko Ainhoa Arretxek adierazi duenez, “oso pozik” daude grebak izan duen jarraipenarekin: “Oso indartsu daude langileak, urteetan mugitu ez den sektorea dela kontua izanda”. Hainbat denda itxita egon dira egun osoan zehar, eta beste batzuek, ordu batzuk mantendu dituzte itxita. Gainera, San Joan bezpera aprobetxatuz, akelarre sinboliko bat ere egin dute greba egin duten langileek. Beraien lan baldintzak idatzita zituzten orriak erre dituzte, eta baita patronalek egiten dituzten “proposamen urriak” ere.
Sindikatuek ehungintza sektoreko patronalei exijitu diete kolektiboaren lan baldintzak hobetzeko proposamen bat egin dezatela, besteak beste, gehiegizko partzialtasunaren arazoa konpontzeko eta urteko lanorduak murrizteko.
ELAk eta LABek salatu dutenez, merkataritzaren egoerak nabarmen egin dute okerrera azken urteotan, eta Gipuzkoako ehungintzako sektorearen errealitatea aintzat hartuko duen hitzarmen bat aldarrikatu dute, lan baldintzak hobetuko dituena eta kalitatezko enplegua bermatuko duena. Gipuzkoan azken urtean ixten ari diren denden inguruan arreta deitu dute sindikatuek: “Guztira, 70 lanpostu zuzen baino gehiago suntsitu dira”. Gainera, digitalizazioari aurre egiteko neurriak hartu behar direla ohartarazi dute: “Online salmentek eta denden itxierek merkataritzaren egoera kaltetu dute”.
Azaldu dutenez, 2.262 langile daude Gipuzkoako ehungintzaren sektorean, eta egoera desberdinak daude: batzuei 2006-2009 hitzarmena aplikatzen zaie eta soldata izoztuta dute ordutik; beste batzuei, berriz, 2010-2018 hitzarmena.
Patronalak hitzarmena “blokeatu” du
2021aren amaieran hasi ziren hitzarmenaren negoziazioak, eta, hainbat bilera egin ostean, orain arte ez da ezer aurreratu: “Patronalak hitzarmena blokeatu du”.
Sindikatuen ustez, “jasanezina” da egoera: “Urtean 1.748 lanorduetatik inoiz jaitsi ez diren langileez ari gara; 20 urte baino gehiago eta borondatezkoa ez den 20 orduko lanaldi partziala duten langileez; bateratzeko ezintasunaz, sustapen ezintasunaz, dendak ixteaz, Enplegu Erregulazioko Espedienteez eta kaleratzeez ari gara”.
Maiatzaren 27an antolatu zuten bi sindikatuek lehen greba eguna, eta ondoren egindako negoziazio bileran aldaketarik izan ez zela ikusita, bigarren greba eguna antolatu dute ekainaren 23rako, beherapenen hasierarekin kointzidituz.
Batu gure borrokara!! ? #ehunarenmerkataritzamartxan #ELAfeminista
— ELA Donostia (@ELAdonostia) June 23, 2022
Únete a la lucha!! ? pic.twitter.com/IeQYF4Kd4h