540 etxebizitza berri, bi eremu eta 13 milioi euroko aurrekontua
Ibaetako Infernua auzunea urbanizatzeko proiektuari argi berdea eman dio Donostiako Udalak. Lursail horretako eraikin zaharrak dagoeneko eraitsi dituzte, eta udalaren aurreikuspenaren arabera, urtea bukatu aurretik hasiko dira etxe berriak eraikitzen.
Orube hutsak daude Infernuan. Makinek Ibaetako auzuneko hainbat eraikin eraitsi dituzte, Infernuaren Hirigintza Plan Berezia aurrera eraman ahal izateko. Donostiako Udalak pasa den martxoaren 22an onartu zuen proiektua, 13.081.674 euroko aurrekontuarekin eta gauzatzeko hemezortzi hilabeteko epearekin.
Une honetan, Hirigintza saila aurkezturiko alegazioak aztertzen ari da, eta Infernuko jabe guztiekin akordioak lortu dituzte. Halere, han bizi diren bizilagun batzuekin negoziatzen ari dira euren etxeak zein baldintzatan utzi behar dituzten zehazteko.
Gogora dezagun egoera zaurgarrian zeuden pertsona ugarik Infernuko eraikin batzuk erabili zituztela bizitzeko. 2020an Fabrika pabiloia hustu zuten eta 60 bat lagun kanporatu zituzten. Aurtengo urtarrilean Infernua Bizirik plataformak esan zuen oraindik hainbat pertsona bizi zirela han. Udaleko iturrien arabera, gaur gaurkoz, egoera zaurgarrian dagoen pertsonarik ez da bizi Infernuan.
Etxebizitzak eta establezimenduak
Infernua urbanizatzeko proiektuak bi eremu sortuko ditu auzunean: hirugarren sektoreko erabilerarako eremua eta bizitegi eremua. Lehenengoa Infernuaren hego-ekialdeko muturrean eraikiko dute, 8.130 metro karratuko sabai azalera duen gunean. Zuatzu aldera doan Zubiberriko bidearekin lotuta dago gune hori, eta zuzeneko sarbidea du biribilgune berritik.
Bizitegi eremuari dagokionez, 46.025 metro karratuko sabai azalera dauka, hirugarren sektoreko erabilerarako erabiliko duten eremuaren eta gaur egun han dagoen kontzesionarioaren artean egongo da. 540 etxebizitza eraikiko dituzte han: 270 babes publikokoak eta 270 libreak. Gainera, beheko partean beste 1.845 metro koadro ditu, merkataritza arloko erabilera emateko, hirugarren sektorekoa, alegia.
Bideak eta bidegorriak
Bi eremu horiek eraikitzeaz gain, inguruko bideak berrantolatuko eta berrituko ditu udalak. Hain zuzen ere, biribilgune berri batean oinarrituko dira Infernuko bideak: biribilguneak semaforoak izango ditu, eta, hain zuzen ere, gaur egungo semaforodun lotunea ordezkatuko du. GI-20 errepidearen lotunea osatzen duten hiriko sarrera eta irteera bideek bat egingo dute biribilgunean, eta bi lotune berri eraikiko dituzte: batek Infernua Zuatzuko enpresa gunearekin zuzenean lotuko du, eta, besteak, Errotaburuko Xabier Lizardi kalearekin. Udalak azaldu duenez, «biribilgune horren diseinuari esker, hiriaren erdigunetik zuzenean eta arin sar eta irten ahalko da, puntako orduetan zirkulazio handia duen eremu batean biribilgunean sartzea saihestuz».
Bidegorriei dagokienez, gaur egun Antiguatik Infernura iristen den bidegorri bat dago, Ibaetako campusetik pasa ostean, Xabier Lizardi kaletik Infernura iritsi eta bertan amaitzen dena. Hain zuzen ere, bidegorri horri jarraipena emango dio udalak, Infernu osoa zeharkatuta, Zuatzuko enpresa guneraino heltzeko. Udalak nabarmendu du bideen berrantolaketa horrek oinezkoentzako irisgarritasuna «hobetzen» duela: «Bai egiten den ibilbide kopurua handitzeagatik (Xabier Lizardi kalea luzatzean, errekaren ondoan parke lineala sortzean, eta abar), bai ibilbide horien kalitatearengatik».
Bestalde, udalak azaldu du Infernuaren urbanizazio proiektuaren beste helburuetako bat dela auzunea zeharkatzen duen ubidearen «balioa nabarmentzea». «Planteatutako irtenbidea ubidearen inguruaren hobekuntza da, eta aire zabalera aterako da», zehaztu du udalak.
Urtea bukatu aurretik etxe berriak eraikitzen hastea espero du udalak, nahiz eta aitortu zaila izango dela. Plan Berezian ezarritako epearen arabera, 2024rako Infernuko lanak bukatuta egotea aurreikusten da.