Donostiako Piratak, hogei urtez auzolanari tiraka
Donostiako Piratek ez dute aurkezpenik behar. Urte gutxian, beste herri mugimenduek lortu ez duten legitimitatea lortu dute, herritarren, zein erakundeen aldetik. Etengabe hazten joan den mugimenduak ia denetarik bizi izan du, eta ezinezkoa da hemen laburpena egitea. Argi utzi dute Aratz Trecetek, Lander Arbelaitzek eta Sara Ferminek, ez datozela inoren ordezkari, ez eta historia kontatzera; bizipen pertsonalak partekatzera baizik. Kasu honetan, noski, pertsonala politikoa da. Eta kolektiboa.
Donostiako Piratak 2002an sortu ziren. Jakina da, lehen urtean, Parte Zaharreko hainbat taberna elkartu, eta tabernen arteko jolasak antolatu zituztela, “jai herrikoien alde”. Lander Arbelaitz Mitxelenak dioen moduan (Erdialdea, 1985), urteak ziren Aste Nagusia “zazpi parranda jarraian botatzea besterik ez zela, zazpi larunbat jarraian, inolako eskaintza interesgarririk gabe, soilik tabernetan egotea”.
Paradoxikoki, tabernek piztutako metxa azkar zabaldu eta 2003an Donostiako jaien etorkizuna aldatuko zuten egitasmoa antolatuko zuten piratek: Abordatzea. Aratz Trecet Obesori (Gros, 1987) nola oroitzen zuen galdetuta, argi du: “Kristoren hotza pasa genuen [barrez]. Lehenengo urtean marea gora zegoen, eta Kontxara iristea “pila bat” kostatu zitzaien. “Lehen urtea zen, eta ez genekien baltsak nola egin. Gurea karratua zen, eta borobilean bueltaka ari ginen, ezinean”.
Piraten izena, ezin egokiagoa izan zen egun horretan. Baimenik gabe atera ziren hala-moduko txalupekin, literalki Donostia abordatzera. Kontxan, hondarretan, hainbat udaltzain zeuden jendea identifikatzen. Trecetek ez du ondo oroitzen gertakaria, eta IRUTXULOKO HITZA-ko argazkilari Joseba Parronek, elkarrizketa eten du; bera ere, bertan egon zelako:
“Udaltzain batzuk zeuden Kontxan, iritsi ginenean. Balsen hondakinak, txukun, baina espazio publikoan utziko genituela zekitenez, udaltzain bati esan genion zinegotzi arduradunari jakinarazi ziezaion. Alberto Rodriguezekin (PSE-EE) hitz egin zuen, eta, erantzuna: udala ez zela zaborraz arduratuko, eta, gainera gutako baten identifikazioa nahi zuela. Hori horrela, eta udaltzaina atzetik genuela, asanblada espontaneo bat egin genuen. Egoera azaldu eta zer egin galdetzean, erantzuna: ba, baltsak udaletxeko atarira botako ditugu! Eta horrela egin genuen”
Arbelaitz 2006 inguruan atera zen lehen aldiz kuadrillarekin: “Itsasora ateratzea, horrenbeste jenderekin, musikarekin… oso berezia izan zen. Lehen aldiz sentitu ginen jaiaren protagonista. Kuadrillakoek urtero parte hartu dugu ordutik”.
Sara Fermin Amorebieta (Aiete, 1998) lehen aldiz atera zenean oso bestelakoa izan zen bizipena: “Ni hasi nintzenean jaiaren parte zen erabat”. 2014a zen, eta erabat normalizatua zegoen jaiaren egitarauaren barruan. “Oso dibertigarria delako parte hartzen dugu. Orain, zuek entzutean, izugarria iruditzen zait lehen aldi horietan suposatu behar zuen zoramenak”.
Trecetek gehitu du: “Bai, hor gehiago zen errebeldia kontu bat. “Liatu” egin behar zen. Bidoiak astebete lehenago lapurtzen ziren poligonoetan, horietako batzuk “auskalo zerez beteak”.
Anekdota bat ekarri du gogora Arbelaitzek: “Lehenengotariko abordatze batean, 27 industrialdetik bidoi batzuk hartu genituen. Denek zuten likidoren bat, eta lurrera bota beharrean, bidoi batean husten joan ginen. Bat-batean, ke laranja atera zen! Kuadrillako guztiak korrika atera ginen, arnasteko beldurrez! [barrez]”.
Trecetek oroitzen duenez, abordatzea bukatzean, bidoi kutsakorrekin geratzen ziren, udalaren kamioiek ez zituztelako jasotzen, “eta kontenedorez kontenedore joaten ginen banan-banan uzten”. Ordurako, udalarekin harremana egina zegoen, eta mota honetako erabakiak hartzen hasi behar izan zuen mugimenduak.
Arbelaitzek uste du etengabeko profesionalizazio horrek “instituzioen tranpetan” erortzea eraman duela sarri mugimendua: “Baina, adibidez, bidoiak debekatzearena erabaki borobila izan zen”.
Izan ere, inork ez zuen espero horrenbeste haziko zenik mugimendua. Urtez urte bikozten joan zen abordatzean parte hartzaile kopurua. 2003an 50 bat lagun izatetik, 2013an, 10. urteurrenean, goia jo zuen arte, 4.000 parte hartzailerekin baino gehiagorekin.
Udalarekin negoziazioak
Lehen urteko abordatzearen ostean, 2004an baimen bat eman zuen udalak, “oso baimen sinplea”. Urteak aurrera egin eta hirian zuen harrera ona kontuan izanda, udalak 2007an egitarauan sartzeko proposamena egin zuen.
Arbelaitzen ustez, “erabaki oso potoloa izan zen, barne mailan izugarrizko eragina izan zuena. Ostia txar handia ere. Piraten ekimen errebeldeena udalaren programan egotea mingarri samarra den arren, perspektibarekin ikusita, erabaki oso ona izan zela iruditzen zait: guk jarraitzen dugu antolatzen %100ean, guk dugu kontrola”.
Horri esker lortu zen La Flamenka gunea, eta “gol historikoa” dela pentsatzen dute hirurek: “Jaietako gunerik zentralenetako bat guk kudeatzea aste oso batez, sinestezina zen”.
Gune hori eduki aurretik, Trinitate plazan egiten ziren kontzertuak Aste Nagusia hasi aurretik: Berri Txarrak, Kuraia, Etsaiak, Su Ta Gar, Doctor Deseo… Aste Nagusi Pirata egun bat lehenago hasten zen, eta egun bat beranduago bukatu, Irrikitaldiarekin.
La Flamenka
XVIII. mendean, Fermin Kalbeton kalean ba omen zegoen piraten bilgunea zen La Flamenca ostatua. Hala bazen ez bazen, izen hori eman zioten Donostiako Piratek 2010eko Aste Nagusirako prestatutako gune propioari, Trinitate plazan.
Sortu eta berehala, txiki geratu eta 2011n inauguratu zen egun denok ezagutzen dugun Flamenka gunea, kaian. Hortik aurrera, Aste Nagusi osoa piraten egitarauaren barruan bizitzeko aukera zegoen.
Arbelaitzek dioenez, “ezin dugu ahaztu, garai horretan gora eta gora zihoaztela piraten egitasmoak, eta parte hartzea. Herritarren begitara ere”. Zeren ez zen beti horrela izan: “2007ko abordatzean jendetzak parte hartu zuen, eta ez zen izan El Diario Vasco-ren azala. Lehia bat zegoen, olatua gainetik pasa zitzaien arte”.
Flamenkarekin adin guztientzako egitaraua egiteaz gain, ikusgarritasuna eta zilegitasuna irabazi zuten Piratek.
Eraso sexisten protokoloa
Piratak sortu zirenean, balioei garrantzia eman zitzaien, ordura arteko Aste Nagusia “nulua” baitzen ikuspegi horretatik, Treceten ustez. “Egitaraua egitean, balioak txertatzen dituzu, baina gune bat edukitzerakoan erronka handiagoa da: gure etxea da eta guk nahi dugun bezala egin dezakegu. Flamenkan dagoen jauzia hori da, balioak lantzeko aukera ematen zuela”. Eztabaida “sakonagoak” sortu ziren orduan.
Ferminek ere argi ikusten du: “Bi joera egon dira, jai gunea areagotu nahi dutenak, makro festa eta parrandarekin, eta beste alde batetik, neurrira egindako jai ereduaren aldekoak; bai tamainan, eta bai edukietan”.
Balioei lotuta, eraso sexisten arazoari aurre egiteko lanketa potoloa egin dute Piratek azken urteetan.
2015. urte inguruan talde feminista eta Talaia sortu ziren, Piraten baitan gaia lantzeko. Jai gunean eraso sexistak kudeatu eta erantzun sozial bat emateko irizpideak markatzen dituen protokoloa izan zen lehen neurria. Horrekin batera, erasoak salatu eta babesa eskatzeko 24 orduko telefonoa jarri zuten martxan 2017an, Aste Nagusi Pirataren egun guztietan zehar. Ferminen ustez,”hor ikusi zen zerbait antolatuagoa egon behar zela: telefonoa mugimenduko emakume boluntarioen artean egunez egun pasatzea ez da nahikoa”.
Zirgari eta inflexio puntua
2018an sortu zen Zirgari, eta Puntu Morea jarri zuten, erasoak salatu zitezen. Ferminen ustez, “udalak hutsune handi batzuk uzten zituen garai hartan: gauak. Honekin konturatu nintzen, gau giro indartsu bat nahi baduzu, horrek jendetza dakarrela. Eta jendetza datorrenean, ezin duzu kontrolatu zer gertatuko den hor. Urte horietan esan genuen: ez dugu nahi gunea handitzea, ez garelako iritsiko horrek sortuko dituen beharrei erantzutera”.
2019an eraso gehien eman ziren urtea izan zen. “Eraso gehien salatu ziren urtea” azpimarratzen du Ferminek. “Puntu Morea aurrera eramatea erabaki genuen, nahiz eta jakin profesionalek egin beharreko lana dela hori”.
2018an ondo funtzionatu zuen, eta jada ezaguna egin zenez, 2019an askoz jende gehiagok erabili zuen. “Piraten guneetatik kanpoko jende mordoa etorri zen puntu morera. Horrek zer esan nahi duen? Ezinbestekoa dela salaketa puntu bat”.
Abuztuaren 14ean, ordea, kolapsoa etorri zen sei eraso kudeatu behar izan zituztelako. “Mugimenduko nesken babes eta laguntza guztia genuen arren, lantaldeak indar mugatua zuen eta gaueko une batean lantaldeko kide bakoitza hiriko punta batean zegoen: edo salaketa bat jartzen, edo akonpainamendu bat egiten… Goizeko seietan iritsi ginen Puntu Morera, erabat lur jota. Horrelako beste gau bat ezin genuen jasan”.
Biharamunean, urgentziazko bilera batera deitu zuten, mugimenduari eskaera bat egiteko: egun batez egitaraua bertan behera uztea.
Goizeko hamarretan elkartu ziren 30 bat pirata, gehienak ia lorik egin gabe. “Oroitzapena daukat ezin zuela inork hitz egin eta hitza hartu nuenean ezin niola negarrari eutsi ere. Oso dramatikoa izan zen”.
“Etetea erabaki zen, eta, orain pentsatzen jarrita horrek izan zuen erantzukizuna eta ahotsa, kristorena izan zen. Hau jasanezina zela esaten zuen lehen herri mugimendua izan ginen, gelditu beharra zegoela genionak: gure gunea ez bada segurua, ezin dugu festarik bermatu”.
Ferminek gaineratu duenez, “udalak ez zituen erasoak behar bezala kontabilizatzen, eta beraiek antolatutakoaren zama jasan behar izan genuen guk ere. Horrek amorrarazi gintuen”.
Balioak erdigunean
Arbelaitzentzat ere mugarri bat izan zen gertatutakoa: “Gertatutakoa ulertzeko, aintzat hartu nahiko nuke aurretik Sardiñerek egindako lana. Haizearen aurka sekulako lana egin dute urtez urte”. Sartu zirenean, mugimendua “matxitoz” josita zegoen Arbelaitzen ustez, eta euren aurpegi hoberenarekin, haientzat sinplistak ziren argudioak erantzuten lan eskerga egin zuten.
Piratak, hasieratik, “jai herrikoi, euskaldun eta parekide” gisa definitu izan ziren. Urteak aurrera joan ahala, definizio horietan sakondu nahi izan zen, eta feminismorantz urratsak egitea proposatzen zen. “Izugarrizko pedagogia feminista egin behar izan zuten mugimendu barruan, proposamenak egiten, tailerrak egiten. Orain ez du inork zalantzan jartzen, baina hasieran ez ziren bereziki ongi etorriak”.
Eztabaidak kontraesanez beteta egon ziren: “Piratak herri mugimendu oso indartsua da. Hirian eragin handia izan duena. Baina barruan, engranaje oso handi bat izan da: bilera oso luzeak, oso politikoak, eztabaida gogorrak… Zoritxarrez, desgaste handia ekarri zuen. Baina aitortza hori ezinbestekoa da. Sardiñeren ekarpenagatik ez balitz, ez ginateke iritsiko esatera gure gunea ez dela segurua”.
Kofradien sorrera
2011. eta 2012. urteen bueltan horrenbeste jende ari zen parte hartzen piraten egitarauan, jendearengana hobeto iristeko proposamena egin zela: kofradiak. Lehenengoa Eskifaia izan zen, gazteen kofradia. Hurrengo urtean Xibaroak eta Pirata Bihurriak sortu ziren. Eta martxa hartzen ari zela ikusita, 2013an proposatu zen antolakuntza aldaketa.
Hiru kideak bat datoz: mugimenduari aire freskoa ekarri zion. “Ordura arte talde batek antolatzen zuen Aste Nagusia. Bat-batean jendea autoantolatzen hasi zen, bakoitzak bere Aste Nagusia antolatu zezan, Piraten Aste Nagusiaren barruan. Hori oso indartsua da”.
Balioei lotutako eztabaida oso indartsuak izan ziren: “Jendeak denbora libre pila bat eskaini zion honi. Feminismoaren tailerrak edo jasangarritasunaren inguruko txostena egin zen. Txosten horretan jai jasangarriak nola egin zitezkeen proposatzen zen urratsez urrats (gerora katalanera itzuli eta handik ibili da ere, pentsa!)”.
Handitzen ari zen mugimendu baten baitan, urrats bat izan zen kofradiak sortzearena. Handitze hori “itsutze” bat izan zela uste du Arbelaitzek. “Errespetua galdu zitzaion mugimendu sozialen logikari, eta besteak baino indartsuagoak ginela uste zuten batzuek. Eztabaidatzen genituen gauzak oso fuerteak ziren”.
Trecetek honela gogoratzen du: “Folk lantaldean parte hartzen nuen nik, zaharrekin kantu-jira eta horrelakoak antolatzen [barrez]. Kofradiekin nire kezka zen ez nekiela ea lekurik izango ote zuten. Hasieran balioetan zentratu ziren, eta gutxika auzokoak sortu ziren ere”. Aitortzen duenez, salto horrek “beldurra” ematen zion, “ea egitera goazen aldaketa okerragoa ekarriko ote duen”. Orain oso modu “naturalean” ikusten da kofradiena. “Orain oso argi ikusten da auzoetara zabaldu behar dela”.
Manu Chao eta zorraren enbata
Kofradiak sortzen ari ziren aldi berean, ilusio horren guztiaren erdian izan zen Manu Chaoren kontzertu famatua: 2014an, 55.000 lagun inguru bildu ziren Zurriola hondartzan, Piratek antolatutako jaialdi erraldoian. Mugimenduarentzat “krak” bat izan zen; izugarrizko haustura eragin zuen. Diruzaintza aldetik izugarrizko porrota izan zen, eta sekulako zorra ekarri zuen.
Beraz, eztabaida unerik zailenetan etorri ziren kofradiak, eta mugimendua “horizontalizatzea” ekarri zuen: “Gutxi batzuek erabakiak hartzetik, kofradiek ordezkaritza aukeratzera igaro ginen. Oraindik inertzia zaharrak zeuden, eta nik garai horiek oso nekagarriak izan zirela oroitzen ditut, egiten genuena zoragarria izan zen arren”.
2014an ekaitza izan zen Esne Beltzaren kontzertuan. Eta horrek ere izugarrizko galera ekarri zuen. Izan ere, “dirutza” bideratzen zen kontzertu azpiegituretara, eta gaizki ateratzen bazen izugarrizko ondorioak zituen.
Trecetek gehitu du: “Ez da beharrezkoa gure helburuak betetzeko Manu Chao ekartzea, ezta gauero-gauero kristoren kontzertuak edukitzea. Handitzen doan heinean perspektiba galtzen da. Udalarekin lehian sartu ginen, nork ekarriko zuen Berri Txarrak!”.
Ferminentzat horizontaltasuna garrantzitsua da, eta orain oso barneratuta dagoela dio: “Jaiak guretzat antolatu behar ditugu, ez kanpokoentzat; honek ez du zertan aglomerazioak sortzen dituen jai gune bat izan behar, herriak herriarentzako eraikitzen duen jai eredu bat baizik, denok disfrutatzeko modukoa”.
Belaunaldi ezberdinetakoak izan arren, hiru kideak bat datoz: eztabaidak eztabaida, Donostiako Piratek jaiak aldatzea lortu dute, eta asko dute egiteko. Beti asmatu dutelako enbatei aurre egiten, haizearen kontra, aurtzaka, lortu dutelako Donostiako mugimendurik zabalena sortzen. Jaietatik hasi eta hiri eredua bera eraldatzeraino.
HAMAIKA EGITASMO, URTEZ URTE
Donostiako Piratek, Aste Nagusitik harago eskaintza zabala prestatzen jakin izan dute, urtez urte moldatuz joan dena. Sortu eta gutxira, adibidez, Intxaurrondoko Letaman gaztetxean udazkenean antolatzen zen Gau Pirata aipatu daiteke, edo 2007tik 2011ra antolatu zen musika lehiaketa —talde gazteak ezagutzera emateko sortua—. Herri mugimenduekin elkarlan zabala antolatu izan dute ere: gaztetxeetatik hasi, eta bizilagun mugimenduetaraino. 2016an, hiri ereduaren kritika egiten bete-betean asmatu zuten : “Turismoa bultzatzeko nabarmen erabiltzeaz gain, hiria berezi egiten duen kultura edo kultura jakin bat atzerriko kapitala hona ekartzeko elementu bilakatu dute”.