Kostata, baina Oletako sanjoanak berreskuratu dituzte
Pandemiaren ondoren, itzuli dira Oletako sanjoanak Altzara, eta lau eguneko egitaraua prestatu dute; atzo hasi ziren, San Joan bezperako jarduerekin, eta igandera arte jai giroan murgilduta egongo da auzoa.
Egitarau zabala osatu badute ere, zailtasunak izan dituztela azaldu du jai batzordeko kide Iñaki Casadok: «Pandemiaren ostean, pentsatu genuen agian jaiak antolatzeari uztea. Baina, azkenean, aurten behintzat antolatzea erabaki dugu, eta gero ikusiko dugu». Beraz, komeni aurtengo jaiez gozatzea, Casadok dioenez, balitekeelako azkenak izatea.
Jai batzordekoaren arabera, gainera, aurten ez dute auzoko saltokien laguntza lortzerik izan, eta horrek ere antolaketa zaildu du.
Horregatik, hain zuzen ere, berritasunik ez dagoela nabarmendu du Casadok: «Betikoa daukagu: DJ bat, larunbateko ohiko berbena eta haurrentzako jarduera ugari. Aurten ez daukagunez barrakarik, behintzat haurrentzako jarduerak antolatu ditugu». Jaiei begira ez ezik, ordea, zerura begira ere badaude Oletakoak: «Ea zer eguraldi egiten digun, ez baitute oso eguraldi ona iragarri!».
Jaiak antolatzea kostatu bazaie ere, adin guztietako auzokideentzako jarduerak antolatu dituzte: gaur, esaterako, haurrentzako marrazki lehiaketa egingo dute bazkalostean eta gazte zein helduentzako kontzertuak izango dituzte gauean.
Zailtasunak zailtasun, gogoz agertu da Casado: «Jendea animatuta dago, eta parte hartzen dira. Espero dugu ondo ateratzea, eta ea datorren urtean.