Bost gastronomia lehiaketa egongo dira Aste Nagusian
Bost gastronomia lehiaketa antolatu ditu udalak aurtengo Aste Nagusirako. Marmitakoa, paella, arkume menestra, legatza saltsa berdean eta, aurtengo berritasuna, belaunaldien arteko I. gastronomia lehiaketa.
Ondorengo egunetan izango dira txapelketak: abuztuaren 16an, asteartean, izango da Groseko Paella lehiaketa; abuztuaren 18an, osteguna, Antiguako legatza saltsa berdean lehiaketa; Amarako Arkume Menestra Lehiaketa, abuztuaren 19an, ostirala; eta Aste Nagusiaren azken egunean, abuztuaren 20an, Gipuzkoa Plazan Marmitako lehiaketa.
I. belaunaldien arteko lehiaketa
Eroskiren laguntzarekin antolatuko da, lehen aldiz, belaunaldien arteko gastronomia lehiaketa. 7-14 urteko haurrekin batera, familia giroan egindako lehiaketa izango da, gehienez, lau laguneko taldeak sortuz.
Lehiaketa honen helburua honela azaldu dute: “Elikadura osasungarria, iraunkorra eta kontsumo arduratsua sustatzearen beharraz kontzientziatu nahi dugu, elikagaien xahuketa geldiarazteko”.
Abuztuaren 15ean izango da lehiaketa, eta, gehienez, 18 taldek parte hartuko dute. Talde gehiagok izena emanez gero, Garberan sailkapena egingo da.
Astenagusia.donostiakultura.eus webgunean eman ahalko da lehiaketa guztietarako izena.