Munillaren agurreko performancea ikusten egon zen emakume bati mozal legea aplikatu diote
Emakume Askeak plataformak performance feminista egin zuen otsailean Artzain Onaren katedralaren aurrean, Munilla Donostiako bere azken meza ematen ari zenean. (Argazkia: Emakume Askeak/'Argia') Otsailean, Jose Ignacio Munillak Donostiako gotzain izateari utzi zion, Orihuela-Alacanteko (Herrialde Katalanak) gotzaina izateko, eta otsailaren 6an eman zuen bere azken meza Artzain Onaren katedralean. Han bildutako fededun ugariez gain, Emakume Askeak plataformako zenbait emakume ere han izan ziren, katedralaren kanpoaldean, eta Munillari agur esateko performance bat egin zuten; besteak beste, bost mandamendu irakur zitezkeen zeramatzaten karteletako batean: bizitza maitatu, zure gorputza gozatu, aniztasuna errespetatu, hartzan eta eman zan, eta ibili dantzan. Era berean, Munillari San Benitoa itzuli zioten, modu sinbolikoan.
Performancea ikusten egon zen Beatriz Goñi Iribarren herritarra, eta Argia hedabideak argitaratu duen informazioaren arabera, isun bat jaso du horren harira, mozal legea aplikatu baitiote. Emakume Askeak plataformakoak joan zirenean, Ertzaintza bertaratu zen, eta inguruan zeuden fededun batzuek esan zuten Goñik performancean parte hartu zuela. Bitartean, Goñik argazkiak egin zituen, eta horregatik gerturatu zitzaion ertzain bat. Argazkiak ezin zituela egin esan zion, baita ezabatzeko agindu ere. Goñik erantzun zion argazkiak egiteko eskubidea zuela, baina ertzainak irudiak ezabatzera behartu zuen, eta hala egin zuen.
Ondoren, bere burua identifikatzeko esan zioten ertzainek Goñiri, eta berak ahoz esan zien bere NAN zenbakia, Argia-ri esan dionez. Horrela ere, 700 euroko isuna jaso du, “identifikatzeari uko egitea” leporatuta; ordainketa azkarra eginez gero, 350 euro. Horregatik, Piztu Donostia plataformak erresistentzia kutxa aktibatu du, 350 euroak ordaintzeko; ekarpenak Bizum bidez egin daitezke, 696-75 57 41 telefono zenbakian.

