Segurtasunagatik itxita mantenduko dute Nautikoko eskailera
Nautikoko eskailera batek denbora darama itxita, eta zenbait erabiltzaile kexatu dira. Kaia eta Nautikoa bera Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoak dira, eta eskailera hori itxita mantentzeko arrazoiak jakinarazi dizkiote hedabide honi.
“Duela gutxi baranda ordezteaz gain, eskaileretako baten egituran eta mailetan beste akats batzuk antzeman dira, eta, ondorioz, eskailera ixteko erabakia hartu behar izan da, erabiltzaileen segurtasunagatik. Profil nagusiaren eta beheko eskaileretako baten oxidazioa dira antzemandako arazoak. Eskaileraren maila horiek marea bizi garaian, agerian eta lehor daudenean ordezkatu behar dira eta egoera hori udan ez da gertatzen”, dio Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailak.
Eskailera hori berriz ere irekitzeko ezin dute data zehatzik eman, “material metalikoaren hornidura faltagatik, eta uda garaian marea bizi adierazgarririk ez dagoelako”. Horrela ere, Nautikoko beste eskailera irekita dagoela nabarmendu dute.