La Cumbre Jauregia Donostiaren esku geratuko da, memoria historikoa lantzeko
EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin adostuko duen Memoria Demokratikoaren Legearen baitan, Aieteko La Cumbre Jauregia Donostiako Udalari lagatzea adostu da.
Ezkabako gotorlekua memoria gune bihurtzea eta La Cumbre Jauregia Donostiako Udalaren esku uztea adostu du EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin. Hala jakinarazi du gaur EH Bilduren Kongresuko bozeramaile Mertxe Aizpuruak. Espainiako Gobernuarekin lortutako akordioari esker, Memoria Demokratikoaren Legea babestuko du ezkerreko talde subiranistak, gaur goizeko ponentziaren bozketan eta baita datorren asteko batzordean ere.
“Diktadura frankista sufritu zutenentzat” egiaren, justiziaren eta erreparazioaren bidetik “memoria partekatu bat” eraikitzeko helburuarekin ari da lanean koalizioa. Lege proiektuak “gabezia” batzuk zituela uste du Aizpuruak, baina “azken hilabeteetako lanaren ondorioz”, lege proiektua “hobetu” da bost puntutan.
Donostiako La Cumbre Jauregia eskualdatzea eta Donostiako Udalari lagatzea adostu du EH Bilduk gobernuarekin. Aizpuruak gogora ekarri duenez, Kanpo Arazoetako Ministerioaren egoitza izan zen Francoren udako egonaldietan, Aiete auzoan, eta Gipuzkoako Gobernadore Zibilaren bizitokia ere izan zen; han torturatu zituzten Lasa eta Zabala 1983an, GALeko kideek hil eta kare bizian lurperatu aurretik. Jauregiaren lurrak eta dokumentazioa Donostiako Udalaren esku utziko dira Memoria Demokratikoaren Legea indarrean sartu eta gehienez ere urtebeteko epean.
Mertxe Aizpurua bozeramailearen hitzetan, sinbolismo eta esanahi historiko handiko bi lorpen dira, eta aurrerapausoa dira memoria “partekatua aitortu eta eraikitzeko bidean”; are gehiago, bat datoz memoria elkarteaek urteetan eginiko aldarrikapenekin
Ezkabako gotorlekua
Ezkabako gotorlekua memoria gune gisa egokitzea adostu du ere EH Bilduk. Nafarroako Gobernuarekin sinatutako lankidetza hitzarmen baten bidez irekiko da. Hau ere gehienez urtebeteko epean memoriaren gune izendatzea adostu dute, “memoria demokratikoa berreskuratu, babestu eta zabaltzeko jarduerak egin ahal izateko”. Ezkaba mendian dago gotorlekua, Iruñeko iparraldean. Gaur egun, utzita dago gotorlekua, hutsik eta inolako erabilerarik gabe. Espainiako Defentsa Ministerioari lotua eta Ingurumen Parke baten barruan kokatua, diktadura frankistak kartzela gisa erabili zuen gotorlekua milaka preso politiko espetxeratzeko. 1938ko maiatzaren 22an, ihesaldi masiboa gertatu zen han, eta 207 pertsona hil zituzten.
Europa osoko ihesaldi sonatuenetakoa da Ezkaban gertaturikoa: Estatuko hainbat lekutako 795 preso antifaxistek lortu zuten gotorlekutik ihes egitea, eta horietatik 207 fusilatuta hil zituzten, espetxearen ondoko mendian. 150 pertsonen gorpuak ez dituzte topatu oraindik, eta hildako presoen gertukoek uste dute adostutako neurriak atea ireki dezakeela haien senideak non dauden jakiteko.
Batzorde independentea
Koalizio abertzaleak adostu duenez, batzorde independente bat eratuko da, frankismoan izandako giza eskubideen urraketak argitzen laguntzeko testigantzak, informazioa eta dokumentuak jasoko dituena. Batzorde horretan giza eskubideen arloan “ospe akademikoa eta eskarmentua duten adituek” parte hartuko dute; haien ardura txosten bat egitea izango da informazio guztia sistematizatzeko, ondorioak ateratzeko eta gomendioak egitea, biktimen aitortza ofiziala eta erreparazioa bermatzeko.
1936ko estatu kolpetik aurrera eratutako auzitegi frankisten “legezkotasun eta zilegitasunik eza” onartzea ere adostu dute, eta haien ebazpen eta kondena guztien deuseztasuna. Azkenik, memoria historikoaren legearen aplikazio muga 1983ra arte luzatzea adostu dute, 1978tik aurrerako biktimei aplikatu ahal izateko. Izan ere, Aizpuruaren ustez, biktima horiek guztiak “abandonatuak eta ahaztuak izan dira erakundeen aldetik, orain arte”.