Klima aldaketaren eta feminismoaren inguruko ikastaroa eskainiko dute Miramar jauregian
'Klima aldaketa eta feminismoa' ikastaroa egingo dute ostegunean eta ostiralean. Emakundek eta Uda Ikastaroak Fundazioak antolatuta, Aldaketa klimatikoa eta feminismoa ikastaroa eskainiko dute Miramar jauregian ostegunean eta ostiralean. Bertan, egungo erronkei erantzuteko, feminismoaren, berdintasunaren eta klima-ekintzaren arteko harremanari buruz hausnartuko dute. Ikastaroa aurrez-aurre edo online jarraitu ahal izango da, eta izen-ematea zabalik dago Uda Ikastaroak webgunean.
Izaskun Landaida, Emakundeko zuzendaria, da ikastaroaren zuzendaria, eta jardunaldien azalpenean honakoa adierazi du: “Klima-politikek eta berdintasun-politikek elkarri begiratu behar diote egungo garapen-ereduari alternatibak sortzeko. Emakumeek, batez ere gazteek, gainditu gabeko ikasgaitzat dugun jasangarritasunaren kultura berri bati egindako ekarpenak aitortzearen garrantzia erakutsi behar da. Alde batetik, emakumeak ikusaraztea da helburua, bai eguneroko jarduera ekologikoetan, bai jarduera zientifiko edo humanistikoetan; eta bestetik, ingurumenarekiko eta gizateriaren zati handi baten bizitzarekiko errespetu-politikak bultzatzen lan egiten duten gizarte-mugimenduen praktikak baloratzea, bereziki emakumeengan eragina dutenak”.

