Martuteneko Aintzieta eremuan etxebizitza gehiago egiteko asmoa du udalak
Aldaketa honekin, Donostia Arraun Lagunakek Lugañenea baserria eta egoitza mantenduko ditu.
Donostiako Udalak Martuteneko Aintzieta eremurako aurreikusitako hirigintza planak aldatu nahi ditu. Aipaturiko lursaila Martuteneko espetxearen eta 27 Industrialdearen artekoa da. PESA autobus konpainiaren kotxetegia eta Roca zein Elektra enpresen egoitzak daude han, besteak beste.
Etxebizitza gehiago eraiki nahi dituzte eremu horretan, eta bestelako erabilerak gutxitu: tertziarioa eta industriala. Zehazki, 720 etxebizitza berri egin nahi ditu udalak, aurreikusitakoa baino %62 gehiago. Izan ere, 2016an udalak onarturiko Martuteneko Aintzieta eremuko Hiri Antolamendurako Plan Bereziak 444 etxebizitza aurreikusten zituen. Etxebizitza berrietatik 410 salmenta librekoak, 235 babes ofizialekoak eta 75 tasatua izango lirateke.
Proposamen berria duela hamabost egun aurkeztu zuten osoko bilkuran, udalak egin ohi dituen esposizio publiko batekin. Partikularrek eta Martuteneko eragileek parte hartu zuten ekitaldi horretan, udalak jakinarazi duenez. Aurkezpenean, 25 solairuko hiru dorreren diseinua erakutsi zieten udaletxera hurbildu ziren herritarrei.
Aintzieta eremuan dauden enpresei dagokienez, Plan Bereziaren aldaketak aurreikusten du Elektra eta Roca enpresen lekualdatzea. Donostiatik Gipuzkoako beste udalerri batera eramango dituzte. Horrez gain, aipaturiko bilera ireki horretan udalak jakinarazi zuen Donostia Arraun Lagunaken Lugañenea egoitza dagoen lekuan mantenduko duela.