Sexu aniztasunaren kontrako joera igo dela ohartarazi du udalak eta aurre egiteko deia egin du
Ekainaren 28a Lesbiana, Gay, Bisexual, Transexual, Transgenero, Intersexual eta Queer-en Nazioarteko Eguna da, eta Donostiako Udalak erakunde adierazpena irakurri du, alderdi guztiek aho batez onartua, udaletxe parean. Udalaren arabera “egun honek gogorarazten digu zer garrantzitsua den gizarte toleranteagoak eraikitzen jarraitzea, aniztasunean elkarrekin bizitzeko eta LGTBI+ pertsonei urratutako eskubideak bete daitezen sustatzeko”.
Adierazpenak jasotzen duenez, “genero aniztasuna errespetatuko duen eta gorrotoa eta diskriminazioak desagerrarazteko gai izango den gizarte plural baten alde mobilizatzen jarraitzeko eguna da, demokrazian eta haren eskubideetan sakontzen jarraitzeko eguna”.
Udalaren ustez, aurrerapenak egin diren arren, “beharrezkoa” da lanean jarraitzea: “Homofobia salatu egin behar da, baita minik ematen ez duen dibertsio gisa edo onartutako kultura tratu gisa agertzen denean ere. Hori diskriminazioa da, eta, eragile erantzule garen aldetik, haren aurka borrokatu behar dugu, eta hiri libre eta berdinzaleak lortzen ahalegindu. Erakundeok LGTBI+ pertsonen eta haien familien benetako berdintasuna ziurtatu behar dugu, aurrerabiderako eta garapen sozialerako ona den bizikidetza baten funtsezko elementu gisa”.
Udaleko talde guztiek sinatutako adierazpenean adierazten denez, “erne” jarraitu behar da, “ikusita gora egin dutela argiro sexu-aniztasunaren eta genero adierazpenen aurka dauden sektore eta alderdi politiko jakin batzuen diskurtso eta planteamenduek”.
Udal adierazpena
Hori dela eta, erakunde adierazpen hau aurkezten du Donostiako Udalak:
1. Donostiako Udalak bat egiten du erabateko berdintasunerako, duintasunerako eta sexu- edo genero-identitatearen garapen askerako eskubidearen defentsa garbian.
2. Donostiako Udalak gogorarazten du gizakiok aske jaiotzen garela, duintasun eta eskubide berberekin, inolako bereizketarik gabe. LGTBI+ eskubideak giza eskubideak dira eta izango dira beti.
3. Donostiako Udalak adierazten du gizartea kontzientziatzen lagunduko duten jarrerak eta politikak sustatzen jarraituko duela, benetako pentsamolde-aldaketa bat gerta dadin eta jarrera LGTBIfobikoak desagerrarazi eta gaitzetsi daitezen.
4. Donostiako Udalak uste du beharrezkoa dela adostasun zabalak lortu eta ehuntzea, beharrezko neurriak ─legegintzakoak, administraziokoak eta bestelakoak─ har daitezen, Administrazioaren edozein mailatan sexu-orientazioan edo genero- identitatean oinarritutako tratu diskriminatzailea debekatu eta ezabatzeko eta, horrela, indarrean dagoen legeria hobetzeko.
5. Donostiako Udala bereziki kezkatuta dago nazioartean dokumentatutako kasu ugariengatik; izan ere, kasu horiek agerian uzten dute, gaur egun ere, herrialde batzuetan, homosexualitatea eta transexualitatea kriminalizatu egiten direla, eskubideak kentzen direla eta lege-diskriminazioa dagoela, eta krimen horiek ez direla zigortzen.
6. Donostiako Udalak konpromisoa hartu du gure udalerriko LGTBI+ pertsonen bizitzei buruzko diagnostiko bat egiteko eta bertan oinarritutako ekintza-plan integral bat abian jartzeko, hiriko LGTBI+ mugimenduko kideekin batera eta erreferente eta herritar ezberdinen aktibazio sustatuz.
7. Donostiako Udalak dei egiten die herritarrei LGTBI+ mugimenduek eta mugimendu feministek gure herri eta hirietan egiten dituzten ekintzetan parte har dezaten eta bat egin dezaten foro publikoek, komunikabideek eta sare sozialek gaur aniztasunaren aldeko borrokaren eguna dela ikusarazteko egiten dituzten sentsibilizazio- eta aldarrikapen-ekitaldiekin.