Gazteentzako MartxUp! programan proiektuak aurkezteko epea ireki du udalak

MartxUp! 2022 programan ideiak eta proiektuak aurkezteko epea ireki da uztailaren 27a arte. Donostiar gazteen ideiak landu eta horiek garatzen laguntzeko helburua du ekimenak, “gazteak hiriko gizarte, kultura eta ekonomian era aktiboan ekitera bultzatzeko”. Parte hartzeko eskaera www.martxup.eus orrialdean aurkeztu behar da.
Deialdian, 18 urtetik 30 urtera bitarteko gazteek parte hartu ahal dute, banaka nahiz taldeka. Proiektuak hautatuak izanez gero, bi eta lau pertsona arteko taldetan landu beharko dira eta parte hartu ahal izateko, taldekideetako batek, gutxienez, donostiarra izan beharko du.
Azaldu dutenez, jarduera eremua askea izango da, eta ez da esparru jakin batera mugatuko, betiere proiektu “baztertzaileak eta diskriminatzaileak” ez badira. Aurkeztu ahal izango dira dauden fasean daudela: zirriborro, garapen edo inplementazio fasean, alegia. Hori bai, proiektuek bi ezaugarri bete beharko dituzte: hein handienean Donostian izango dute garapen eremua eta Donostiaren edo hiritarren onurarako zuzenduak izango dira.
Bost fase izango ditu MartxUp!-ek. Proiektuak aurkezteko fasea uztailaren 27 arte. Irailean, proiektuak aukeratuko dituzte eta hirugarren fasea abiatuko da, formakuntza eta proiektuen garapena. Bertan, hainbat saio aurreikusten dira ideiak garatu eta beharren arabera egokitzeko. Laugarren fasean banakako tutoretzak egingo dira, eta, azkenik, 2023ko urtarrilean prozesua bururaino eraman duten proiektuak aurkeztuko dira udaletxean.