Donostia Zinemaldiak hitzarmena sinatu du TikTok entretenimendu plataformarekin
TikTok entretenimendu plataformak hitzarmen bat sinatu du Zinemaldiarekin, kultura zinematografikoa TikTok sarea osatzen duten pertsonengana hurbiltzeko (mila milioi pertsonatik gora mundu osoan).
Donostia Zinemaldiak formatu mugikorreko entretenimendu plataforma batekin hitzarmen bat sinatzen duen lehenengo aldia da, eta, Zinemaldiaren arabera, horrek “agerian” uzten du ekitaldi kultural horrek apustu egiten duela “berrikuntzaren eta inspirazio eta entretenimendurako modu berrien alde”.
TikToken iritziz, Estatu mailako zinema-jaialdi “garrantzitsuenarekin” eta nazioarteko zirkuituko jaialdi garrantzitsuenetako batekin egindako aliantza berri honek “indartu” egiten du bere kultura eta entretenimendua babesteko eta sustatzeko duen konpromisoa; bai plataformaren barruan, eta baita plataformatik kanpo ere.
Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek “oso positibotzat” jo du akordio hori, lehiaketako edukiak teknologia berriekin eta lengoaia digital berriekin ohituta dagoen belaunaldi batengana gerturatzea ahalbidetuko baitu. “Zinemaldiaren bokazioa ikus-entzule guzti-guztiei kasu egitea da, eta TikTok aliatu ona da eginkizun horretan”, aldarrikatu du.
Erabiltzaileek aukera izango dute lehiaketaren atzean jazotzen den guztiaren berri izateko, hala nola, izarrak Maria Cristina hoteletik irteten, gonbidatuak Kursaalera iristen, edo artisten arteko topaketak, eta ohikoa ez den modu batean erakutsiko da hori guztia. “Horrela, TikTok komunitateak bat egin ahal izango du sorkuntza-esperientzia honekin eta Donostia Zinemaldiaren magia biziko du Zinemaldiak TikToken duen kontu ofizialaren bitartez, @sansebastianfes helbidean”, azaldu du Zinemaldiak.