Donostiako Amarako sarrera moztu du LABek Gipuzkoako helduen egoitzetako greba egunean
Greba egunak dituzte gaur eta bihar Gipuzkoako helduen egoitzetan. Bi aste barru ere, hilaren 14ean eta 15ean, grebak antolatu dituzte sindikatuek, negoziazio mahaia blokeatuta dagoela salatzeko.
Greba sorta honetako lehen egunean, ekintza egin du LABek Amarako sarreran. Mezu “garbi” bat helarazi nahi izan diote patronalari: “Borrokan jarraituko dugu, langileen lan baldintzak duindu eta kalitatezko zerbitzu bat eskaini arte”.
“Egoera jasanezina”
Gipuzkoako egoitzetako egoera “jasanezina” dela diote sindikatuek. “Bost urte baino gehiago luzatu den gatazka honi, Covid-19aren izurriteak izan duen eragina gehitu behar diogu. Jadanik larria zen egoera jasanezina bihurtu da eta urgentziazkoa da irtenbide duin bat erdiestea”.
Sindikatuen ustez, egoera hau zerbitzu publikoen pribatizazioaren, lan prekaritatearen eta sektore feminizatuek duten errekonozimendu sozial eta ekonomiko ezaren ondorio da. Nabarmendu dutenez, “hau ez da sektoreko langileen eta patronalaren arteko lan gatazka soil bat; gipuzkoar guztioi eragiten digun auzi soziala baizik”. Izan ere, kalitatezko zaintza zerbitzuak jasotzeko eskubidea da jokoan dagoena, LAB sindikatuaren ustez.
Patronala eta Foru Aldundia erantzule
Bi urteren ostean “erabat blokeatuta” zegoen negoziazio mahaia aktibatzen saiatu ziren sindikatuak, baina patronalak ez zuen proposamenik egin, eta, hori negoziaziorako duen borondate faltaren erakuslea da, beti ere sindikatuen esanetan.
Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren erantzukizuna nabarmendu dute: “Haiei dagokie orain mahaia desblokeatzeko pausuak eman eta irtenbidea erdiesteko proposamenak mahai gainean jartzea”. Proposamen “errealak” eskatu dizkiete, Herrialdeko Lan Hitzarmena eta ratioen hobekuntzak adosteko.