Donostiako PSE-EE haserre mugikortasun planarekin: "Irtenbide adostuak eskatzen ditugu, ez arazo berriak sortzea"
Donostiako PSE-EEren bozeramaile Marisol Garmendiak kezka adierazi du Donostiako Udala egiten ari den mugikortasun plana dela eta: “adostutako” hiri mugikortasun iraunkorreko politika bat eskatu du. Izan ere, Garmendiaren ustez, erabakiak ezin dira “alde bakarretik hartu, aldez aurretik alternatibak eta irtenbideak negoziatu gabe”. Gogoratu behar da, Udal Gobernua PSE-EEk eta EAJk osatzen dutela, eta Mugikortasun saila Pilar Arana jeltzaleak daramala.
Garmendiak Gipuzkoa Plazako hiriarteko lineen geltokiak hiriaren erdialdeko beste gune batera eramatearen inguruko polemikari buruz bere jarrera adierazi du: “Donostiako Sozialistok garraio publikoaren, hiri-garraioaren eta hiriarteko garraioaren alde egon gara eta egongo gara beti. Egunero milaka dira garraio kolektiboaren erabiltzaileak, baita Donostiara hurbiltzen diren herrietakoak eta lurraldeko edozein udalerritan lan egiten duten donostiarrak ere. Kontua ez da arazoak sortzea, baizik eta adostutako konponbideak lortzea”.
Zentzu horretan, Garmendiak, Mugikortasuneko foru diputatua izan zenak, eskatu du mugikortasunaren eta garraioaren arloko udal eta foru arduradunak hitz egitera eta adostasunak bilatzera eser daitezela. “Hiriko eta hiriarteko autobus linea jakin batzuetarako kokapen bat edo bestea bilatzeaz gain, premiazkoa da mugikortasun-plan integral bat egitea, inplikatutako alde guztiak bilduko dituena”. Garraio publikoa, oinezkoak, bizikleta erabiltzaileak, motorrak, bizilagunak, merkatariak eta beste produkzio sektore batzuk kontuan hartzeko deia egin dio udalari. “Arlo honetako irtenbideak ez dira makila magikoak, akordioaren, sen onaren eta adostasunaren emaitza izan behar dute, ikuspuntu guztietatik modu eraginkor eta iraunkorrean funtziona dezaten”.
Bozeramaile sozialistak zuzen adierazi du: “Donostiako hiri dinamika aldatzen ari da eta trafikoaren arloko aldaketek hobera egin behar dutela, ez dutela arazo berririk sortu behar”.